Irak berreraikitzeko lanak Bush diruz lagundu zuten enpresei eman dizkiete

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 7a, 15:06

AEB Urriaren 31an argitaratu zen txostenaren arabera, George W. Bush AEBetako presidenteari hauteskunde kanpainan dirulaguntza eman zioten enpresak dira Afganistan eta Irak berreraikitzeko kontratuak lortu dituzten guztiak. Orotara, 8.000 milioi dolar.

"Kontratu horien adjudikazioa gainbegiratzeko agentziarik ez zen egon", Charles Lewis Herri-Osotasunerako Zentroko zuzendari exekutiboak adierazi zuenez. Ikerketa aurrera eraman duen erakunde independienteko arduradunaren hitzetan, "Bushen gobernuaren iruzurraren eta kutunkerien eredu dira guzti hauek".

Irak eta Afganistan berreraikitzen arituko diren enpresetatik, 70 inguruk milioi erdi dolar baino gehiagorekin lagundu zuten Bush, 2000an, AEBetako presidentea hautatzeko kanpainan. Azken hamabi urtetan politikari bati eman zaion diru kopururik altuena.

Guztira, 49 milioi dolar eman dituzte hauteskunde kanpainetarako: 12,7 milioi dolar Alderdi Errepublikarrarentzat, eta beste 7,1 milioi Alderdi Demokratarentzat. Horretaz gain, Gobernuan edota armadan lan egin zuten kideak daude kontraturik garrantzitsuenak lortu dituzten enpresetako Zuzendaritza Batzordeetan; horietatik askok Kongresuarekin harreman estua daukate.

Nahiz eta inolako kutunkeriarik ez dela egon adierazi, Dick Cheney presidenteordeak zuzentzen duen Halliburton enpresa da kontraturik potoloenak lortu dituena, 2.329 milioi dolar guztira. Horren atzetik, Bechtel, 1.030 milioi dolarreko kontratuekin. George Shultz estatu idazkari ohia Zuzendaritza Batzordeko kide da, eta Riley Bechtel zuzendaria Bushen aholkulari den Esportazio Kontseiluan dago. Iraken suntziketa masiborako armen bilaketa zuzentzen duen David Kayk Science Applications International Corporation enpresako presidenteorde izan zen. Hauek 38 milioi dolarreko kontratuak lortu dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun