Getxoko udalbatzak aho batez onartu zuen ostiralean Mesedeetako kalean egiten ari diren aparkalekuko salneurriak igotzea. "Eraikuntza lanetan izandako ustekabeek obrak garestitu ez ezik aparkalekua zabaltzeko eguna atzeratu beharra ere ekarri dute", Andres Uriarte Hirigintza arduradunak adierazi zuenez. Ondorioz, aurrikusita zegoena baino % 4,8 gehiago ordaindu beharko dute bertan kotxea utzi nahi dutenek; orduko 1,09 euro.
Izandako garestitzeak eta atzerapenak direla eta, eraikuntza enpresak orduko 1,14 euro kobratzeko egindako eskaerari "ezezko borobila" eman diotela azaldu zuen Uriartek. Hori baino salneurri merkeagoa adosteko inolako arazorik ez zuten eduki EAJk, PPk, PSE-EEk, EAk eta Ezker Batuak. "Lanak ziurtatzeko mikropiloteak sartzeari uko egin zioten auzokoek. Hortaz, sistema garestiagoa eta neketsuagoa erabili behar izan da", gaineratu zuen Hirigintza arduradunak.
Santa Eugeniako aparkalekuko irekitzea urte bukaerara arte atzeratu dute
Andres Uriarte Hirigintza arduradunak argitu zuenez, Erromo auzoko Santa Eugeniako aparkalekuko lanetan ere atzerapenak egon dira. Horretaz gain, salneurri ere aldatu nahi izan dute, Mesedeetako aparkalekuan bezala, eraikuntza enpresako arduradunek, adierazi zuenez. "Kasu honetan ere ezezko borobila eman diegu", gaineratu zuen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.