Unibertsitateko bekadunen egoera hobetzeko plana martxan jarriko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 7a, 23:15

Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuak aurretatu duenez, unibertsitateko ikerketa alorrarekin zerikusia duten bekadunen egoera hobetzeko plan bat jarriko dute abian datorren urtean. Iztuetak bekadunen egoerari buruzko diagnosi bat aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean. Txosten horren arabera, EAEn 1.051 bekadun daude, horietako 979 EHUn, 50 Deustun eta 22 Mondragon Unibertsitatean, eta hilean 110.000 eta 160.000 pezeta arteko diru-saria jasotzen dute, Gizarte Segurantza kotizatu gabe.

Hezkuntza sailburuak aurkeztutako datuek diotenez, bekadun gehienak emakumezkoa dira –Deustuko Unibertsitatean hamar bekadunetatik zortzi–, eta orokorrean "ez daude batere konforme" egungo egoerarekin, "ez baitute Gizarte Segurantza kotizatzen eta bekadun garaia ez delako aktibitate profesional bezala aitortzen".

Anjeles Iztuetak bekadunen garrantzia azpimarratu du aurkezpen ekitaldian, "EAEko sistema publiko eta pribatuko ikerlarien kopuru handia ordezkatzen dutelako". Hala, Gizarte Segurantzarekin dauden aferak eta prestazioak datozen hilabeteetan konpondu beharreko kontuak direla nabarmendu du. Iztuetaren esanetan, bidean den Euskal Unibertsitate Legeak bekadunen egoera hobetzea aurreikusten du, eta urtea amaitu aurretik Unibertsitateen Euskal Kontseiluaren barnean gaia honetaz eztabaidatzeko batzorde berezi bat sortuko dutela iragarri du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun