Internet, kontzientzia gabeko gauza guztiak bezala, ez da ona, ez eta txarra ere. Geuk ematen diogun erabileraren eta geure gizarteak onartuko dituen askatasun mugen barruan legoke bere izaera. Zoritxarrez, denok ez daukagu erabaki eskubide bera.
Aitzitik, sano fenomeno arraroa gertatzen dabilelakoan nago. Komunikazioaren kontzeptuaren bersemantizazioan sartzen gabiltzala pentsatzen dut. Izan ere, zelan eman liteke komunikaziorako bitarteko teknologikoen hazkuntza eta hobekuntzarekiko paraleloan gertatzen dabilen ehun sozialaren deuseztapena? Komunikazioa informazio truke hutsa al da? Komunikazioa bere alderdi textualari baino ez dagokio? Zer gertatzen da alderdi kontextualarekin? (Eta ez berba egin mesedez web camp-aren potentzialidadeari buruz).
Komunikazioaren gizartean bizi gara, baina apenas ezagutzen ditugu gure auzokoak. Algortak, far west-eko herri fantasma dirudi arratsaldeko zortzietatik aurrera. Gainera inork esango dit ea nik zer egiten dudan ordu horretatik aurrera kalean . Ba komunitate kontzientzia indartu moteil! Dela militatzen, dela bertsotan edo dela herri honetako beste bizikideei burutik zer pasatzen zaien jakiten. Ez dut ulertzen zelan bizi daitekeen hainbeste jende, ehun mila biztanleko udalerri batean,
Everesteko puntan biziko bailitzan. Ehun soziala, gizartea bera , komunikazioan oinarritzen dira. Elkar ezagutzan eta komunitate bereko kideak izatetik ondorioztatzen den arazo kolektiboen aurreko elkarlan jarreran, alegia. Baina inurri isolatuen inurritegian gura gaituzte eta horretara jo dugu. Bizirauteko lan egin eta aisialdia kontsumoarekin lotzen dugunez, etxean sartu. Aurreztu behar dugulako.
Kontua da komunikazioaren gizartean baino inkomunikazioaren gizartean bizi garela. Hara gizarte modernoen gatazken iturburu posiblea. Informazioaren gizartean bizi garenik ezin ukatu, hala ere. Beraz, jarrai dezagun etxean bakarrik (eta soilik) informazioa elkartrukatzen.com