Durangaldeak irrati euskalduna dauka gaurtik aurrera, dialaren 107.1ean aurki dezake nahi duenak. Anboto Irratiak euskara hutsean emitituko du, egunero 24 orduz. Hasteko, egunean bi ordu egingo ditu zuzenean, goizeko 11:00etatik 13:00etara. Ondoren, lotura egingo du Euskadi Irratiarekin, eguerdiko albisteak emateko. Eta gainerakoan, musika eta grabaturiko emanaldiak emango ditu. Gainera, Durangaldeko herri gehienetan entzungo da: Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Otxandio eta Zaldibarren. Durangaldeko Herri Komunikabideen elkarteak kudeatu eta Elorrion izango du egoitza.
Berez Anboto Irratia Elorrioko Udalarena izan arren, udal honetako Euskara Kontseiluaren eta Durangaldeko Herri Komunikabideak (DHK) elkartearen arteko hitzarmenari esker, azken honek kudeatuko du irratia. Elorrioko Udalak 6.000 euro emango dizkio urtean DHKri, irratiaren jarduera ziurtatzeko, eta elkartea bera arduratuko da gainerako diru iturriak lortzeaz.
Irratiaren egoitza Elorrion bertan dago, Arriola Kultur Aretoko bigarren solairuan hain zuzen ere. Zuzendaritzari dagokionez, Bakarne Bernedo kazetaria arduratuko da lan horretaz. Ardura teknikoa, berriz, Ander Garaizabalek eramango du. Eta albistegiak eta gainerakoak osatzeko Anboto aldizkariko kazetarien laguntza izango dute. Horretaz gain, Durangaldeko elkarte, ikastetxe eta gizarte eragileekin harremanetan daude arduradunek, hauek ere irratian parte har dezaten.
Anboto Irratia DHT talde multimediaren hirugarren hanka izango da, Anboto astekariarekin eta anboto.org sareko albistariarekin batera.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.