'Lea-Artibaiko Hitza', zorionak! - Kepa Ugarte / UKBERRIko koordinatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 9a, 21:09

Igandean, Berria eskuetan zabaldu, eta hara non hartu nuen eguneko pozik handiena, albisteei lehendabiziko begiradatxoa ematearekin batera. Izan ere, zorionekoak dira Lea-Artibaiko euskaldunak; eta baita euskaltzale guztiak ere. Astelehen honetatik aurrera, berriro ere, egunez egun informazioa euskaraz jasotzeko aukera edukiko dute eskualde horretako biztanleek. Dena den, Lea-Artibaiko Hitza ez da izan, herri informazioa lantzeko asmoz, Bertako Hedabideak enpresak (Euskarazko Komunikazio Taldea, EKT) emandako lehenengo pausoa. 2001eko abenduan Gipuzkoako Tolosaldean hasi, gero Oarsoaldera zabaldu, eta azkenik, Bizkaian barrena abiatu da egitasmoa. Duda barik, ez dira, ez, alferrekoak izan euskaltzaleok egindako ahaleginak. Euskaldunon Egunkariaren aurkako erasoaren aurrean, ozen entzun zen guztion arrenkura; eta azkenaldian, Euskal Herriak eta euskarak jasaten ari diren erasoen aurrean ere ez gara isilik egon. Gainera, gure hizkuntzaren inguruan indarrak batu beharraren eredu argia da Lea-Artibaiko Hitza. Eskualdeko euskara taldeek eta gizarte eragileek ere buru belarri dabiltza ekimen honetan. Uribe Kostako Hitza ahal den lasterren heltzea espero dugu.

Ankamotz utzi gintuen Juan del Olmo epaileak, otsaileko egun ilun hartan, euskaldun guztien adierazpide zen Euskaldunon Egunkaria bahitzea erabaki zuenean. Horretaz gain, herri informazioa bizkaieraz lantzen zuen Bizkaia gehigarria ere galdu genuen. Baina kalea hartu eta, berriro ere, txoko guztietako albisteak euskaraz jaso ahal izan genituen Berria plazaratu zenean; guztiok egindako ahaleginek merezia zeukaten saria jasoz. Baina badirudi, Espainia aldetik datozen erasoek ez daukatela neurririk. Hori dela eta, argi eduki behar dugu, guzti hauen aurrean, tinko mantendu beharko garela euskaltzale guztiok. Indarrak batzea ezinbestekoa da, argi eta garbi adierazi du Euskararen Gizarte Eragileen Kontzeiluak, alderdiekin eta sindikatuekin lortu nahi dituen hitzarmenen berri ematerako orduan. Hortaz, euskarazko hedabidideen esparruan gure tartetxoa lortu nahi dugun guztion partetik, txalogarriak dira bide honetan ematen diren pausu guztiak. Besterik gabe, Lea-Artibaiko Hitza, zorionak!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun