Al-Qaedako ustezko hogei kide atxilotu ditu Iraken AEBtako armadak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 11a, 19:48

Ricardo Sanchez Amerikako Estatu Batuetako armadako jeneralak jakitera eman duenez, hogei lagun atxilotu dituzte gaur Bagdaden, "Al Qaedaren sare terroristaren ustezko kide izateagatik". Sanchezen esanetan, atzerriko ehundaka ekintzaile sartu dira Iraken, Siriatik eta Irandik, "AEBen aurkako gerra santuan parte hartzeko". Urriaren 27an, Bagdaden, Gurutxe Gorriaren eta Irakeko Poliziaren lau kuartelen aurka egindako atentatuak ere egotzi dizkio Al Qaedari. 43 hildako eta 200 zauritu egon ziren guztira.

Dena dela, hau da izan egunak ekarri digun Iraki buruzko berri bakarra. Hain zuzen ere, Bagdaden bertan, bonba bat lehertarazi dute, goizean, epaitegi baten aurrean; eta ondorioz, sei lagun izan dira zaurituak. Basoran izandako leherketan, berriz, hiru lagun hil eta hamar zauritu inguru egon dira. Guztiak, irakiarrak. Izan ere, nahiz eta lehergailua Erresuma Batuko soldaduek igarotzen diren errepide bazter batean egon, herritarrez betetako minibusa harrapatu du.

Atzo, berriz, AEBtako soldadu bat hil zuen Irakeko erresistentzia armatuak hiriburutik 50 kilometrora kokatutako Iskandariya herrian.

Egoera gero eta txarrago

Dagoeneko 151 soldadu estatubatuar hil ditu Irakeko erresistentzia armatuak, Bush presidenteak gerra amaituta zegoela iragarri zuenetik. Horietatik 16, azaroaren 2an erresistentziak helikoptero bat bota zuenean. Gainera, atxiloketak biderkatu egin dira azken asteetako erasoen ondoren.

Atxiloketa gehienak Mosul, Faluja eta Tikrit hiriek osatzen duten triangelu sunian izan dira. Erasorik gehienak bertan izaten dira, eta ia egunero hildakoren bat dago.


Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun