Gaurkotasun handia du, antza, filosofia kontsolamendua edo sendagai antidepresiboa izan daitekeelako ideiak. Espainia aldean laster apuntatu dira moda honetara F. Savater, J.A. Marina, E. Trías, J. Sádaba eta beste batzuk.
Hala ere, filosofian kontsolamendua bilatze horrek Boezio-rengan aitzindari ilustrea duen arren, zentzua guztiz bestelakoa du. Gogora dezagun Erromako kontsul-ohiari Teodorikok ezarritako heriotz zigorraren zain, kartzelan, bere miserientzako kontsolamendu bila ari zelarik Filosofia dama beneragarri gisara agertu zitzaiola. Boezio-ren kexak entzun ondoren, esan zion arazoa ez zegoela bizitzan pasatutako ongi edo gaizkien kopuruan, baizik eta arima egia eta bertuterantz zuzentzean, eta hori eginez giza pentsamenduak bilatzen duen dohatsutasuna lortuko zuela. Filosofia-andrearen gomendioa, argi dago, bete-betean txertatzen da tradizio Platonikoan.
Gaur egun filosofian kontsolamendu bila ari direnak oso bestelako bidetik doaz. Iruditzen zait gehiago jarraitzen diotela anti-platoniar handia izan zen Nietzsche-ren honako aginduari: filosofoak ez du egia bilatu behar, munduak gizakiengan eragiten dituen metamorfosiak baizik. Hori izan daiteke beraz, filosofia eta egunerokotasuna uztartzeko darabilten grinaren arrazoia.
Baina, nik dakidala, pedagogia ez da inoiz filosofiari dagokion betebeharretako bat izan, eta bai, ordea, haren etsai nagusiak diren sofistena. Uste dut filosofian soluzio bila dabilena tokiz erratu dela. Filosofiak, arazoetan sakonduz, arazook larriagotu egiten ditu, soluzioak eman beharrean. Agian, antzina bezala, erlijioan bilatu beharko lukete asaskaldia. Nietzsche-k berak Jainkoa hil dela deklaratu zuenetik, filosofia gure garaiko erlijio laikoa izan daitekeela pentsatu badute, oker dabiltza, zeharo.