Espiauren iritziz, "eztabaida deuseztu asmoz", satanizazioaren mehatxua dago Espainiako Gobernuaren aldetik. Bide horretan, Aznarren exekutiboak jauzi kualitatiboa eman duela uste du Elkarrik. Egoera horri aurre egiteko elkarrizketa bultzatu nahi dute: "Zenbat eta traba gehiago, orduan eta beharrezkoagoa da elkarrizketa, eta ahalegin handiagoa egin behar da gizartearen parte hartzea bultzatzeko". Hori dela eta, elkarrizketa foroak osatu eta gizartearen parte hartze zuzenagoa bultzatuko dute.
"Ezin zaio probokazioari kasu egin elkarrizketaren printzipioa bertan behera uzteko. Uste dugu testuinguru honetan eztabaida eskubidea baliatuz Elkarrik Eusko Legebiltzarrera eta Nafarroako parlamentura helaraziko duen alderdi poltiko guztien arteko elkarrizketa foroak garrantzia gehiago hartzen duela. Eta uste dugu, elkarrizketa prozesu hau eragoztea ezinezkoa izango dela", azpimarratu du Elkarrik.
Europako Eskualdeen Batzarrak Europako Konstituzioari egin dion ekarpena eta Jaurlaritzaren estatutu berri proposamena bat datoz Ibarretxeren arabera
Europako Eskualdeen Batzarrak Europako Konstituzio proiektuaren inguruan onartu duen deklarazioa eta Jaurlaritzaren estatutu berri proposamena bat datozela adierazi du gaur Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak Salzburgon, Europako Eskualdeen goi bilera egiten ari den hirian."Hemen onartu dugunak, 73 eskualdek esaten dugunak, eta guk Legebiltzarrean egindako proposamenak gauza bera planteatzen dute", azpimarratu du Ibarretxek. Besteak beste, herrialde horiek Europan parte hartze handiagoa izatea eskatzen dela nabarmendu du.