Hirugarren Munduaren garapenerako 313 mila euro baino gehiago emango ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 13a, 21:04
Elkartasun esparru ezberdinetan lanean diharduten 21 gobernuz kanpoko erakunderi 313.413 euro ematea erabaki du Getxoko Udalak, euren egitasmoak garatu ahal izateko. Horrela, Hirugarren Munduaren garapenari lagundu nahi dio udal gobernuak. Imanol Landa Presidentzia arloko ardura daukan zinegotziak adierazi duenez, proiektuen jarraikortasuna eta getxotarrek horietan zein neurritaraino parte hartzen duten izan dira, egitasmo bat edo besteari dirulaguntza emateko irizpideak. Izan ere, 51 eskaera aurkeztu dira, guztira, aurten. Iaz baino 12 gehiago.
Besteak beste, sentsibilizazio eta garapenaren aldeko heziketan diharduten bost egitasmori eman die dirulaguntza Udalak. Horien artean, Getxotik Mundura jardunaldiak, Munduko terrazak ekimena eta Sahararekin elkarlanean diharduten beste bi dira aipagarriak.

Diruz lagundutako proiektu gehienak Ertamerikan eta Hego amerikan eramaten dira aurrera, horien artetik bat Karibe aldean eta beste bat Mexikon. Hala ere, haiek lantzen dituzten gaiak anitzak dira: osasuna, hezkuntza, sentsibilizazioa, emakumeen eta gizakien eskubideak... Salbadorren eta Guatemalan garatuko diren egitasmo bik jasoko dute diru gehien, 27.000 eta 28.000 euro, hurrenez hurren.

Lankidetzarako daukan azken diru poltsa aparteko proiektu batzuen artean banatuko du, datorren hilabetean Udalak. Azkenik, Euskal Fondora 45.076 euro bideratuko ditu, Nikaraguako Tipitapa herriko zergen bilketa eta erabilpenari buruzko egitasmorako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun