Ni bolondres? Ez, eskerrik asko - Nahikari Ayo / Bertsolaritza irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 14a, 00:47

Askok dakite saltsa askotako perrexila naizela. Zerrenda luzea bota eta gero beti geratzen dira harrituta gauza berarekin: "Umeen monitora zara? Zu burutik sano zaude?" Oso sano nago, bai, eta ez naiz damutzen egiten dudanerakin.

Orain dela urtebete Algortatik buelta bat ematen nengoela, kartel bat ikusi nuen esanez begiraleak behar zirela Algortako Scout Taldean. Ez nuen birritan pentsatu eta eurengana jo nuen. Oso ondo hartu ninduten eta gaur egun han dihardut lanean oso gustora.

Baina zergatik harrituta begiralea naizelako? Delitua al da zure denbora librea umeekin igarotzea? Egiten diren lan guztiak ezin dira izan musutruk? Inork ere ez daki zer nolako barne poza lortzen den etxera bueltatzen zarenean umeekin egon eta gero. Eurek bizitza alaitzen dizute. Ikusten duzu zuk erakutsitakoa erabiltzen dutela etxean, ikastolan zein kalean. Ez dut gezurrik esango, denbora asko sartu behar da, burua nekatu behar duzu pentsatzeko ze tailer egingo duzun edota ze nolako jolasa prestatu. Askotan haserrealdiak egoten dira, istiluak, momentu txarrak... baina arin pasatzen dira.

Materialismoaren aroan bizi gara eta ez dugu aukerarik galtzen dirua lortzeko. Gazteok horrela jarraitzen badugu zer nolako balio moralak transmitituko diegu gure seme-alabei? Egia esan, oso galdera sakonak dira eta gatzena da ez dutela erantzun zehatzik.

Garai batean modan omen zegoen bolondres gisa aritzea. Askotan jendea soberan zegoen eta etxera bidali behar zituzten. Orain, berriz, kontrakoa. Jendea engainatu behar duzu lan egiteko, gauzak eskeini, gozoa den karameloa ahora sartu... baina alferrikakoa da ahalegina. Betiko pertsonajeak gabiltza horrelako ekimenetan.

Nik umeekin lan egiten dut, baina badago jende asko bere denbora librea ONG-etan edota adineko pertsonekin pasatzen duela. Horiek bai, horiek bai dutela meritu izugarria. Inoiz ez dituzue ikusi hogeita piku urteko gazteak Arriluze ingurutik adimen gutxikoekin pasioan? Ziuraski baietz. Baina ez zaizue burutik pasatu zuek ere hori egin al duzuela? Lan gogorra da, baina eskertzen dute euren maitasunarekin eta euren familiek are gehiago.

Gaur egun Getxoko scoutetan zein beste arlo batzuk jorratzen dituzuten taldeetan bolondres faltan daude. Beraz, artikulu hau irakurtzen duzuen guztioi, batez ere gazteei, gonbidatu nahi zaituztet bolondres aritzea gure herriko edozein taldetan, behar zaituztegu! Askoz hobeto sentituko zarete eta ikusiko duzue zer den lan egitea probetxuzko gauza batetan

Ni bolondres? Bai noski!!!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun