Espetxeko funtzionarioek Kepa Saratxaga jipoitu zuten joan zen asteazkenean.

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 14a, 13:49

Kepa Saratxaga Algortako preso politikoaren abokatua Soto del Real espetxera joan zen azaroaren 12an arratsaldeko 17:00etan berarekin egotera. Bisitan Kepak kontatu zion egun horretan bertan goizean jasotako jipoia eta geroko egoera. Bisitatik irten ondoren abokatuak salaketa jarri zuen El Colmenar-eko epaitegian.

Kepa Saratxagaren abokatua espetxera joan zen azaroaren 12an bertan arratsaldeko 17:00etan berarekin egotera, eta bisitan kontatu zion gertatutakoa. Bisitatik irten ondoren abokatuak salaketa jarri zuen El Colmenar-eko epaitegian.

Gertakariak honela azaldu ditu salaketan:

"Gaur goizeko 10:30ak aldera, Kepa Saratxaga moduluko funtzionario batengana joan da ondo ez zegoela esatera, oso gau txarra igaro zuela eta arazoak zeuzkala arnasa hartzeko, eta kartzelako eritegira joan nahi zuela. Funtzionarioak erantzun dio medikuaren zerrendan izena emateko, eta Saratxagak orduan adierazi dio berehala joateko premia zuela. Kartzelaria orduan orroka hasi da, nazkatuta dagoela etakoekin, beti nahi dutela egiten dutela eta berari inork ez diola zer egin behar duen esan behar. Saratxagak adierazi dio ez diola zertan garrasi hitz egin, eta funtzionarioak berriro esan dio berari inork ez diola zer egin behar duen esan behar. Ondoren funtzionarioak agindu dio berarekin joateko, eta ekonomatoaren eta medikuaren kontsultaren artean dagoen ziega amerikano batera eraman du.

Han zegoela funtzionarioak agindu dio oinetakoak eta gerriko zorroa kendu eta hormaren kontra jartzeko, eta ondoren miatzen hasi zaio. Orduan Saratxagak protesta egin du, ea hori zertara zetorren esanez. Bertan zegoen beste funtzionario batek Saratxaga oratu eta miaketa egiten ziharduen funtzionarioak Saratxaga jotzen hasi da, hasiera eskuaz aurpegian eta buruan, eta gero ukabilkada bat aurpegian. Azken matraileko honek marka batzuk utzi dizkio aurpegian, zaurien partean agertzen den bezala.

Ondoren Serbitzu Burua agertu da eta ahoz adierazi dio Saratxagari 72. artikulua aplikatu eta bakartze modulura zihoala. Oraintxe bertan dago ezer gabe: ez diote ez eta toaila bat ere utzi izan bere burua garbitzeko"

Kepa Saratxaga 2002ko urriaren 24an atxilotu zuen Ertzantzak, Uribe Kostako beste sei gazterekin batean. Orduan ere atxilotutako guztiek tortura latzak salatu zituzten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun