Gogo biziz eta ilusioz beteta agertu dira Kafe Antzokian Lor taldeko Dummy, Lander, Kimetz eta Ramiro gazteak. Hala ere, horrek ez du esan nahi musikaren munduan esperientzia falta zaienik. Eurek argitu dutenez, 14 urte inguru zutela, hasi ziren taldean, 1998an hain zuzen. Eta jadanik, 50 kontzertu baino gehiago emanak dituzte Bizkaiako txoko guztietan. "Lehen heavy-a egiten genuen, baina denborarekin aldatzen joan gara", gaineratu dute. Euskal Herriko musika taldeen influentzia daukatela diote. Taldearen izenari buruz ere hitzegin dute: "'lortu'tik dator izena, lagunen artean galdertu eta hori atera zen".
Kantuei dagokionez, 'Ez gara sofa erosoak' nabarmendu dute. Elorrioko Gaztetxeko 15. urteurreneko abestia, hain zuzen ere. Gainera, Aritz Luzar bertsolariak idatzi du letra. Dena den, guztiak ez dira inkonformismoari edota Euskal Herriko egoerari buruzkoak. 'Kolore' arrazakeriaren aurkakoa da eta 'Eskuak', maitasun abestia. 'Kanpoan nahiz barruan', berriz, akustikoa da. Honen inguruan adierazi dutenez, "orain dela bi urtetik eginda geneukan arren, azken orduan sartzea erabaki dugu, GOR disketxekoek gogoko dute eta".
Diska berria aurkezteko lehendabiziko kontzertua, IAk asteburu honetan Alegian antolatu duen Ikasle Egunan emango dute, "nahiz eta egitarauan ez agertu". Abenduaren 5ean, berriz, Elorrioko Gaztetxean joko dute Lehiotikan taldearekin batera. Eta abenduaren 12an, Aulestin.
FITXA TEKNIKOA:
- Lorentzo Records estudioan grabatua, 2003ko udan (Berriz, Bizkaia)
- Ekoizpena: Aitor Ariño, Beñat Agirre eta Marino Goñi
- Diseinua: Asier Bilbao eta Ibon Urizar (Hite Diseinuak)
- Argazkiak: Asier Bilbao
- Kontaktua: lortukodugu@hotmail.com
677109561