Arrakalak direla eta, Santa Eugeniako kultur aretoa itxi dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 14a, 21:08

Santa Eugeniako eskola zaharraren eraikinean Getxoko Kultur Etxeak dituen aretoak eta bertan dagoen Hiritarrei Arreta egiteko Bulegoa (HAB) itxi egin dituzte aldi batez, alboan lurpeko aparkalekua egiteko lanen eraginez arrakalak agertu direlako. Azterketa egin ostean, eraikinaren egiturak ez duela arriskurik aipatu dute udal teknikariek. "Arrakalak txikiak dira, milimetroko bateko zabalera baino ez dute. Gainera, zimenduek ez dute kalterik izan", azaldu dute. Hala ere, bertan eskaintzen ziren zerbitzuak behar bezala emateko "ez dira egokiak" eta beste leku baten bila hasi dira. Datozen egunetan emango dute horren berri.

Udal teknikoek adierazi dutenez, "nahiz eta aparkalekuaren obretatik metro t'erdira egon, arriskua eskasa da Santa Eugeniako aitzinako eskoletarako. Eta are gutxiago, inguruan dauden etxeetarako, aipatutako lanetatik 12 metrotara daudelako". Dena den, Kultur Etxeko ardura daukan Elena Coria zinegotziak, udal teknikariek eta Kultur Etxeko arduradunek bizilagunekin bilera egin dute gaur informazioa helarazteko. Santa Eugeniako aparkalekuak eraikitzeko egiten ari den zuloan egondako lur mugimenduak izan omen dira arrakalak eragin dituztenak.

Nahiz eta arrakalak agertu, aparkalekua egiteko lanak ez dituzte geldiaraziko. Lanak "era egokian" egiten ari direla uste dute udal teknikoek. "Aparkalekuko zorua jartzen dutenean, orduan amaituko dira lurren mugimendu arazoak", gaineratu dute.

Kultur Etxeko aretoen itxierak, hainbat Elkarteek aurrera daramaten ekintzetan zein Kultur Etxeak berak dituen tailer eta ikastaroetan izango du eragina. Eugenio Gandiaga Kultur etxeko zuzendariak adierazi duenez, "guztia berriro martxan jartzeko beste toki baten bila gabiltza dagoeneko, baita Hiritarrei Arreta emateko Bulegorako ere. Hurrengo egunotan jakinaraziko dira kokapen berriak".

Zerbitzuen erabiltzaileek hona jo dezakete informazio eske: Kultur Etxeari adgokionez, 944914080 telefono zenbakira deituz edo Kultur Etxeak Lope de Vega kalean dituen lokaletan; HABaren kasuan, berriz, 944660100 telefono zenbakira deituz. Administrazioko gestioren bat egin behar dutenek, berriz, bide ugari dituzte: Telefono bidezko Arreta Zentroa (902115500), udalaren webgunea (www.getxo.net), edota udaletxean, eta Benturillenako HABean dauden bulegoetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun