Euskararen eguneroko soka-tiran - Xabier Kintana / euskaltzaina

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 15a, 21:39

Egunokaz Eusko Jaurlaritzak 2001an egindako azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak argitaratu eta banatu ditu. Euskal Autonomia Erkidegoan euskarak gorakada nabarmena egin du azken hogei urteotan, Nafarroan, aldiz, apurtxo bat besterik ez da hazi, eta Frantziapeko Euskal Herrian, aldiz, oraindik beherantz doa. Datu hauek argi eta garbi utzi dute guztiok aspaldidanik genekiena, agintarien borondatea eta erakundeen laguntza oinarrizkoak izaten direla hizkuntzen garapen eta aurrerabiderako. Eta, zer esanik ez, euskararekin batera, euskal nortasuna ere gora joan da, euskaldun izateko sentimendua handituz. Hori ere jakina zen, herritasuna lotu-loturik egoten baita nazioaren hizkuntzarekin.

Baina euskararen aldeko joera horrek, berez euskal herritar gehienontzat berri pozgarria izan arren, zer pentsa eman bide diete beste batzuei. Horregatik, gure zutabe nagusiari gerra deklaratu diote berehala, gerra atergabea gainera. Egia esan, euskararen aurkako borroka hori duela urte batzuk hasi zuten: ikastoletan politika eta terrorismoa irakasten zirela moduko kalumniak noizik behinka esanez. Zorionez jendeak difamazio lotsagarri horiek sinetsi ez, eta gero eta ume gehiago segitu dira matrikulatzen B eta D ereduetan.

Baina jendaila horiek ere, amorruaren amorruaz, hortxe segi, jo eta ke azpilana eginez. Autonomia Erkidegoan euskararen aldeko ekintza guztiak oztopatzeko etengabeko aitzakiak asmatzen ibili dira, Nafarroan euskara irakasteko etengabeko oztopoak jarri eta ikastolei legez zor zaizkien laguntzak atzeratu eta eman nahi ez. Aurten, gainera, euskara eta terrorismoa elkarrekin doazelako itxura egiteko, maltzurki, euskarazko Egunkaria itxi digute, eta ondoren euskal kultur erakunde batzuen kontra oinarririk gabe eraso, euskal kultur munduko idazle eta pertsona ezagun eta prestuak atxilotuz. Bilboko udalean PP-ko zinegotzi ezagun batek udal lanpostu bat lortzeko, bertoko hizkuntza ofizial biak jakin beharra ez eskatzea lortu du, euskara baztertzea garaipen pertsonal handi gisa barrezka aurkeztuz.

Gobernu Zentralak, bestalde, Euskaltzaindiari aurten diru-laguntza ehuneko berrogeita bostean beheratu dio; Foro para la Libertad-ekoek euskaldunon ikurrina nazien banderarekin parekatzen dute eta euskal irakaskuntzaren kontra jo eta ke dihardute. La Razon-en, hor agertu zaigu Luis Maria Ansón ere betiko ergelkeriak errepikatzen: euskarak ez duela ezertarako balio, ez duela lexiko zientifikorik, - une honetan Euskal Herriko Unibertsitateko asignaturetatik erdiak baino gehiago euskaraz ematen direla jakin nahi barik- eta, noski, berriz ere ikastolak terroristen mintegi eta iturburuak direla.

Ez dut era honetako kasualitateetan sinesten. Eraso eta difamazio-ekintza hauek goitik, guztiok susmatzen dugun tokitik, ongi antolaturiko kanpainaren isla dira, eta helburu bakarra dakarte: euskara eta euskal nortasuna ahultzea eta, azken buruan, gure herria ezereztea. Eta beldur naiz gero eta gehiago, gero eta probokazio lotsagabeago izango direla, Francoren denbora ilunenetan bezalaxe.

Bide berean, aspaldi honetan konstituzionalista eta tolerante mozorroaz dabiltzan batzuk Uribe-Kostan ari zaizkigu gauez, udalek euskaraz jarririko kartelak belzten eta ezabatzen. Beren tolerantzia santuak, antza, ezin kontsenti dezake bidea, errepidea edo auzoa moduko berba infame horiek seinalizazio-karteletan agertzea... ondoan espainiera guztiahalduna, guardia zibil gisa, lagun izan barik. Erdara hutsean dauden kartel ugariagoengatik, berriz, ez dute inoiz ezer esaten.

Denbora txarrak benetan. Noiz eta orain, geure nortasuna neke askoren ondoan berreskuratzen ari garenean, nortzuengandik eta gure artean sarritan biktimismoaren ardi larruaz jantzirik ari dien otso antieuskaldun amorratuengandik. Baina ez gaituzte gehiago engainatzen, ez eta kikilduko ere. Eten gabe zirika eta xaxaka dabilzkigu, bai: baina horrek bide zuzenetik goazela esan gura du, soka-tira honetan lehen galdutako lurra pixkanaka irabazten gabiltzala: eta horrexegatik, gure beldur dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun