Ultrak, futbola eta politika - Unai Brea / Kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 16a, 21:23

Ultra esaten zaie futbola euren aldarri poiltikoak plazaratzeko erabiltzen dutenei. Hainbeste irakasten diguten komunikabide maiteek askotan azaldu digutenez, ilea oso motz daramate, atearen atzeko harmailetan jartzen dira, aurkarien atezainari denetik jaurtitzen diote, eta sinbologia politiko nazkagarria darabilte. Bernabeun, Real Madrilek berak utzitako gela eta guzti, Espainiar Konstituzioaren aurreko banderak eta ikur naziak. San Mamesen -hau okerragoa da- ikurriñak eta euskal presoekiko legea betetzeko eskaerak.

Orain dela gutxi, ordea, ultra mota berria agertu zaigu, non eta Nafarroako Futbol Federazioko bulego dotoreetan. Ez dute ilea motz, ez dira atearen atzeko harmailean jartzen, palkoko jesarleku erosoenetan baizik, ez diote ezer botatzen aurkariaren atezainari (urrunegi daudelako beharbada) eta ez dute sinbologiarik agerian, bai ordea bihotzean. Futbola kirola besterik ez dela diote, ez dela politikakeriekin nahasi behar, eta horrexegatik erabaki dute Nafarroako futbol selekzioa erditzea, haren estraineko partidua Euskal Herriko, Euskal Herri osoko taldeak jokatu behar duen egun berean edo bezperan ezarriz. Horra futbola eta politika aldenduta edukiteko.

Dagoeneko hainbat jokalariri galdetu diete zer egingo duten selekzio bien deia jasoz gero, eta euren neurriko erantzuna eman dute. Hau da, ez dute ezer erantzun. Futbolean, politikaz benetan paso egiten dutenak jokalariak baitira. Haiek futbolaz baino ez dakite. Oraingoan, ordea, Tikok, Urzaizek, Krutxagak eta abarrek erantzutea beste irtenbiderik ez dute edukiko. Eta Euskal Herriaren aldeko hautua egiten dutenentzat egurra barra-barra banatuko dute Madrilgo gauetako kirol irratsaioek.Futbola dakigunez, ez da-eta politikagaz nahastu behar.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun