Jazzaldian joko duten taldeak aukeratzeko lehiaketan izena emateko epea zabalik dago

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 17a, 23:54

Getxoko 2004ko Europar Jazzaldian parte hartuko duten taldeak erabakitzeko lehiaketan izena emateko epea zabalik dago jada. Otsailaren 21ean amaituko da, eta ezinbestekoa da taldearen CD edo zinta bat aurkeztea, baita argazki bat ere. Ekainaren 30etik uztailaren 4ra arte ospatuko den Jazzaldiaren XXVIII. ekitaldian parte hartuko dute aukeratutakoek.

Europako taldeek ere parte har dezakete lehiaketan, horien jotzeko era edo estiloa bata edo bestea izan, jotzen duten hori jazza bada. Talde guztietako kideek 30 urte baino gutxiago daukatela edo adin hori 2004ean betetzen dutela egiaztatu beharko dute izena emateko orduan.

Halaber, parte hartzeko eskaera orriarekin batera, taldearen kalitatea egiaztatzeko balio dezakeen materiala aurkeztu beharko da. Derrigorrezkoa da taldeak grabatutako CD edo zinta aurkeztea beraz, baita talde horren argazkia ere. Hautatutako taldeen izenak martxoan emango dira ezagutzera; talde horiek diru kopuru bat ere jasoko dute bidaietarako, ostaturako, egile eskubideak direla eta...

Sariei dagokionez, Jazzaldiaren azken egunean berriz joko dute irabazleek. Horretaz gain, 3.000 euro eta garaikurra jasoko dute, eta CD bat editatuko da euren kontzertuko grabazioarekin. Bigarren saria 1.200 euro eta garaikurra izango dira eta, bukatzeko, bakarlaririk onenak 800 euro eta garaikurra jasoko ditu. Getxoko Jazzaldiaren egun bakoitzean talde batek joko du banda nagusiek jo aurretik.

FORMULARIOA ON-LINE
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun