Epaiketa Gernikako epaitegian izango da, azaroaren 20an, 09:30ean. Hasiera batean "erasoa, helburu terrorista daukaten irainak eta mehatxuak" leporatu zizkieten gazte hauei. Baina azkenean, diligentziak aurrera egin ahala, epaileak hoben-judizioa (juicio de faltas) egitea erabaki du, hau da, epaiketa arin bat, "delitu" barik gehienez "falta" bat izan daitekeelakoan.
Dena dela, epaiketa hau bere lekuan kokatzeko gertakariak gogoratu behar ditugu. Gazteen Mendi Martxak, Algortatik irten aurretik ere, Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren jazarpen zuzen eta bortitza jasan behar izan zuen: pankartak kendu, mehatxuak, debekuak, kontrolak... Gehi ohiko komunikabideen aldetik jasandako kriminalizazioa.
Gorka eta Txomin Bermeon atxilotu zituzten, 03:00 aldera, herritik martxaren kanpalekura zihoazenean. Kale batetik zihoazela hainbat ertzain oldartu zitzaien bat-batean, eta ezer esan aurretik lurrean zeuden kolpeak jasotzen. Bazirudien, egun hartan, herrian zebiltzan gazteak kontrolatzen ibili ondoren, norbaiti egurra emateko gogoarekin zeudela eta eurei tokatu zitzaiela, besterik gabe. Gero, Ertzaintzaren koartelen jasandako tratuaren ondorioz biak ospitalera eraman behar izan zituzten.
Gorkaren eta Txominen "falta" bakarra gazteak eta abertzaleak izatea da, eta Mendi Martxan parte hartzea. Horixe epaituko dute aste honetan Gernikan. Bitartean erasotzaileak, hau da, ertzainak, kargurik gabe daude, gazte abertzaleak berriro erasotzen, jipoitzen eta torturatzen jarraitzeko, inpunitate osoarekin.