Igandetik aurrera, Getxoko V. Euskara Jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 20a, 16:48

III. Aerobic Maratoia Euskaraz ikuskizunarekin emango zaie hasiera, igandean, Getxoko V. Euskara Jardunaldiei. Esparru guztietan euskararen normalizazioa bultzatu asmoz, guztira 15 ekitaldi antolatu dituzte, abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguna ardatz artuta. Besteak beste, antzerkia, musika, umorea, kirola, olerkia eta jokoak egongo dira azaroaren 23a eta abenduan 4a bitartean, umeak, gazteak eta hain gazte ez direnak goza dezaten. Euskara Zerbitzuak eta Kultur Etxeak ez ezik, hainbat elkartek eta erakundek ere parte hartu dute jardunaldien antolaketan.

Getxoko Udalak aspaldian hartu zuen euskararekiko konpromizu zuzena, atzo emandako prentsaurrekoan, Iñaki Zarraoa alkateak adierazi zuenez. "Orain dela bost urte, abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko eguna bezala ospatzea erabaki genuenean, gure hizkuntzaren normalizazioaren aldeko jauzi kualitatiboa eman zen orduan. Gaur egun, azkeneko udalbatzaren onespena izan duen Euskara Biziberritzeko Plana ere horren eredu argia da", gaineratu zuen. Izan ere, lehenengo edizioaren izpiritu berari eutsiz, bizitzaren arlo guztietan “euskara finkatzea" da Getxoko V. Euskara Jardunaldien helburua. Horretarako, inoiz baino jarduera gehiago eskainiko dituzte abenduaren 3a ardatz izango duten jardunaldietan. Hala ere, euskararentzako egun "berezirik" ez egotea nahiko luke Zarraoak: "Jardunaldiei eutsi nahi izan diegu, oraindik ere arlo askotan, aisialdian batipat, presentzia eskaza duelako euskarak".

Elena Coria Kultura zinegotzi arduradunak iragarri zuenez, 15 ekitaldi izango dira guztira, 12 egunetan banatuta. Eta abenduaren 3a izango dute ardatza. Horietatik, baten batzuk, leku itxietan egingo dira; eta beste guztiak, San Nikolas plazan jarriko duten karpan. Gainera, guztion partehartzea bultzatu nahi dute, herritarrak jardunaldien "protagonistak" bilaka daitezen. Horretarako, dohainik jarri dituzte ekitaldi guztiak.

Hasteko, kirola izango da protagonista. Azaroaren 23an, III. Aerobic Maratoia Euskaraz egingo da, arratsaldeko bostetatik aurrera, Getxoko Andra Mari kiroldegian. Besteak beste, aerobic, ‘spinning’ izeneko modalitate berria eta capoeira erakustaldiak egongo dira Djkijeiki izeneko DJak zuzenean musika jotzen duen bitartean.

Hurrengo gabonetan aita-amek euren semeei zer oparitu jakin dezaten, euskarazko produktuen katalogoa aurkeztuko du Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak, 20.000 ale atera dituzte guztira. Gainera, txikienek katalogo horietan agertzen diren jostailu, liburu eta informatika aplikazioekin gozatzeko aukera eduko dute, azaroaren 25etik abenduaren 4a, Kultur Etxeak Algortako Urgull kalean zeukan aurreko egoitzan jarriko den ludotekari esker.

Euskaldunok umorerik ez daukagula, bai zera!. Gure buruaz barre egiteko, III. Umore Jardunaldiak antolatu dituzte. Besteak beste, Kike Amonarriz, Asisko Urmeneta eta Antton Olariagak osatzen duten hirukote bereziak ironia erabiliko dute gure hizkuntza nahaspilatzeko, azaroaren 26an, The Pipper’s Irish Pub tabernan emango duten ‘Euskara lardazkatzeko manerak’ izeneko ikuskizunean, arratsaldeko zortzietan. Leku eta ordu berean ere, ‘Euskara senzilloaren manifiestoa’ eskainiko dute abenduaren 4an Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek.

Azaroaren 27an, berriro ere, kirola izango dugu gure artean. Baina, oringoan, ‘Bizikleta Euskaraz’ izeneko mahai inguruan. Arratsaldeko zazpietatik aurrera, Algortako Getxo Antzokian, Haimar Zubeldia, Agurtzane Elorriaga eta Julian Gorospe kirolarien iritziak ezagutzeko aukera izango dute txirrindulazaleek. Jorge Cerrato ETBko kazetariak gidatuko du eztabaida.

Hurrengo egunean, berriz, olerkia eta musika bat egingo dute, Kirmen Uribe idazleak eta Mikel Urdangarik abeslariak eskainiko duten ‘Zaharregia, txikiegia agian’ emanaldian, Bingen Mendizabal eta Rafa Ruedaren laguntzarekin. Arratsaldeko zortzietatik aurrera, Algortako Getxo Antzokian.

Kale antzerkiak ere badu tokia Euskara Jardunaldietan. Azaroaren 29an, 12:30etatik aurrera, zirkoaren munduan murgilduko ditu Algortako San Nikolas plazan batzen diren guztiak, Detraka Taldeako ‘Zirkus Mirkus’ ikuskizunak. Leku berean baita, bertsoak eta esku pilota nahastuko dira, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Aurrekoarekin batera, bertsolaritzaren mestizajearen eredu garbia da, abenduaren 1ean Algortako Kultur Etxeko areto nagusian (Villamonte) izango den ‘Karitateko Benta’ ikuskizuna. Arratsaldeko zortzietatik aurrera, Jon Maiaren zuzendaritzapean, bertsoak eta nazioarteko doinuak nahastuko dira.

Musikak ere bere lekua izango du. Azaroaren 29an, Bide Ertzean taldeak ‘Maite Out’ euren azkenengo diska aurkeztuko du San Nikolas plazan, zortzi t’erdietatik aurrera. Hurrengo egunean, berriz, ‘Top Festa’ eskainiko dute hainbat DJk.

Antzerkiari dagokionez, ‘Kutsidazu Bidea, Isabel’ egongo da ikusgai, azaroaren 2an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Getxo Antzokian.

Azkenik, azaroaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, prestatu duten egitarauaren barruan, Euskaltegien Arteko II. Olinpiadak, ‘Euskarak Getxon badu etorkizunik’ hitzaldia, Euskara Biziberritzeko Planaren aurkezpena, Gozategirekin erromeria eta txitxiburduntzia egongo dira.

Udal arduradunek argitu nahi izan dutenez, urteko lanaren fruitua dira oraingo jardunaldiak. Izan ere, Euskara Zerbitzuarekin eta Kultur Etxearekin batera, hainbat elkarte eta erakundeei esker burutzen dira Euskara Jardunaldiak. Besteak beste, Egizu!, Bizarra Lepoan, Algortako Bertsolari Eskola, UK Aldizkaria, San Nikolas Ikastola, Getxoko Udal Euskaltegia, Agirre eta Lekube Euskaltegia, Lauaxeta eta Ganbara AEK euskaltegiak eta Punta Galea Txirrindulari Elkartea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun