Irakaskuntza eta Politika - Jokin de Pedro / euskara irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 19a, 23:02

Nire mundua, betitik, irakaskuntza izan da. Sarritan pentsatzen dut pupitrearen alde batean edo bestean eman dudala nire bizitzako denbora gehiena eta, aztertzen hasita, horrelaxe izan da neurri batean.

Bizi izan ditudan urte politikoki gorabeheratsuak kontuan izanda, beti aldaketa bortitzen zurrunbiloan egon naizela begitantzen zait.

Txikitan frankismo giroko urte ilunetan hazi nintzen, neure Herrian bizi izan arren, deserrian nolabait. Bilboko “colegio” batean Don Hilario maisuak egunero jartzen gintuen kantuan. Han ikasi nuen Espainiako himnoa eta “Cara al sol” ereserki faxista ederki asko abesten, ondoren Don Pelayoren Errekonkistako egitadak entzuteko, moroen aurkako erresistentzia-gerra heroikoan. Politika? Orduan normala zen, eta pozik egon nintekeen eta naiteke euskara ez jakiteagatik bestelako zapalkuntzarik jasan ez nuelako.

Urte haietatik gogoratzen dudana, nire txikitako urteetatik, horixe da hain zuzen: ematen zigutena jaso eta kuestionatu ere ez. Ez eskolan, ez kalean, ezta etxean ere, nire kasuan behintzat.

Lozorro hartatik irteteko gaztaroa arte itxaron behar izan nuen: frankismoaren izugarrikeriaz jabetu, gerrako krimenak jakin, unibertsitate giroa, lehenengo manifestazioak, egurra, euskara, “Ez Dok Hamairuko”en kantaldiak, erdiak “gris”en egurrarekin amaitzen zutenak…Eta ni, artean, pupitrearen atzealdean, unibertsitateko irakasle batzuen ahotik euskararekiko mesprezuzko hitzak entzuten.

Gerora karrera amaitu eta irakaskuntza publikoan jarduten hasi nintzen. Pupitrearen aurrealdean nago harrezkero. Transizioko lehen urtean ziren. Euskara irakasleok, hasiera batean gehienak A ereduetan lanean, hizkuntza, euskara irakatsi behar genuen, nahiz eta orduko ikasleek ez ziguten konbentzimendu handiz begiratzen, esan gura dut ingelesa gauza praktikoagotzat zutela, serioagoa eta erabilgarriagoa. Institutuetako irakasle askoren partetik ere hainbat mesprezu eta gutxiespen jasaten genuen geroago, D eredua nagusituz joan ahala, gorroto bihurtuko zena: “Los del euskera”, “Los vascos”. Deserrian, berriz ere. Tira, Don Pelayoren gestak entzuten hazita geunden-eta.

Horrela, gure bizitza profesionala aurrera joan da. Euskaldunok tematiak ei gara oso. Guk geureari ekin, jarraitu, etsi barik. Eta hauteskundeak joan hauteskundeak etorri… demokrazian omen geunden, baina gaztetan Pantxo eta Peioren kanten oihartzun goxoan amesten genuen Euskal Herria “Aquí en España” zen, artean, gure inguruko lankide askorentzat, eta ez zuten aho txikiarekin esaten, aho betean baino, ohitura mesetarioaren arabera. Lorpen batzuk egin ziren guren ikasleen aurrean, behintzat: Euskal Herriaren kontzeptu zabalago bat erakusten genien, euskaldunen lurraldea, alegia, euskararen eremua, Ipar Euskal Herria ere bazela eta abar.

Eta horrela, “sentitu” barik, XXI. mendean gara, betiko gauzak-edo irakasten. Baina, egin diren aurrerapausu guztiak gora-behera, gure “indio-aborigen” zentzazioa ez da ondino ezabatu. Kanpotik zein barrutik hainbat oztopo, hamaika laido pairatu behar izaten dugu Euskal Herria geure aberritzat normaltasunez aldarrikatu edo beste barik aipatu nahi dugun guztietan. Euskarazko egunkariaren itxieraren aurkako mozioak ateratzea ez da samurra izan ikastetxe askotan, eta batzuek —gure lankideek— terroristen pare jarri gaituzte bidegabekeria hori salatu dugunean.

Orain, 2003 urtean, ikasleen aurrean nago, pupitrearen aurrealdean oraindik ere. Eta begira ditudan ikasleon baitan pentsatzen dut: zer espero dute, zer merezi dute nigandik, gugandik? Jakitun dira desitxuratzen eta zentsuratzen ari dela Euskal Herriaren imajina, historia, existentzia bera ukatzen zaiola gure Herriari? Zein da gure eginkizuna? Ofizialtasuna aintzat hartu, Madriletik datozen eraso etengabeak aipatu ere egin gabe NOR-NORI-NORK buruan sartzen jarraitu?

Gaur liburu bat eroan dut klasera, zenbait pasarte irakurri eta komentatzeko: “El libro negro del euskara” du izenburu; idazlea, Torrealdai, euskararen langile miresgarria, orain dela gutxi irten da kartzelatik, bost egunez inkomunikaturik zegoela tortura gogorrak jasan ostean kargurik gabe kaleratzeko. Hori ere kontatu beharko diet ikasleei ala politika eta irakaskuntza nahastea ote litzateke?
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun