Udalaren gehienezko zorra 18 milioi eurokoa izango da 2004an

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 20a, 23:17

Onartzen diren ala ez bozkatzeko, azaroaren 28ko osoko bilkuran aurkeztuko dituzte aurrekontu berriak EAJk, EAk eta EB-IUk. Horien arabera, 10,794 milioi eurotakoa da 2004 urterako aurrikusten den gehienezko zorra. Gainera, nahiz eta 2002ko ekitaldian onartua izan zen, Erromon Gobela Kiroldegia eraikitzeko beste 7,347 milioi euro batu behar zaizkio diru kopuru horri. 18 milioi euro baino gehiagoko gehienezko zorra beraz.

Dena den, zor horiek “gehien jota” direla argi eta garbi utzi nahi izan du alkateak. Izan ere, kopuru hori kalkulatzeko jakinak diren irabaziak eta gastuak baino ez dituzte kontutan izan, Inaki Zarraoaren hitzetan. “Aurrekontu guztietan bezala, kontrola ezina den diru kopuru bat dago, aurreko ekitaldiko geldikinarena alegia. Gainera, oraindik ere 2003ko ekitaldiko kontuak likidatuta ez dauden arren, jakin badakigu, irabaziak gastuak baino handiagoak izango direla”, gaineratu du. Alkatearen hitzetan, zenbat izango den ez dakiten arren, 18 milioi euroko gehiegizko zorra txikitzen lagunduko du diru horrek. 6 milioi euro baino gehiagokoa izan omen da hainbat ekitalditan geldikina.

Horretaz gain, zor maila hori indarrean dagoen legeak bermatzen duena baino “askoz beherago” dagoela adierazi zuen Zarraoak. Laster, Bizkaiko Foru Aldundiak arautegi propioa aterako duen arren, gaur egun, Espainakoak arautzen ditu Getxoko Udalaren aurrekontuen likidazioa. Alkateak aipatu duenez, “arauek agindutakoaren arabera, ohiko gastuen (langileen soldatak, argia, ura...) % 110 baino handiagoa ezin da izan udal baten gehienezko zorra. Eta gu % 50,5era baino ez gara heltzen”. Foru Aldundiak aterako duen araudiaren arabera ere gehiengo kopurutik “oso urrun” dago Getxoko Udala.

90 milioi euroko aurrekontua

Kalitate Planarekin bat eginez, 2004 urtera begira, hainbat irizpide ezarri dituzte Gobernu Batzordea osatzen duten hiru alderdiek: gizarterapena, elkarbizitza eta elkartasuna, eta hiri-garapen orekatua, hain zuzen ere. EAJk, EAk eta EB-IUk egindako hausnarketaren emaitza dira hauek eta helburu estrategiko zehatz batzuen bitartez eramango dira aurrera. Guztira, 90 milioi eurokoa izango da azaroaren 28ko udalbatzarrean aurkeztuko den aurrekontuaren zenbatekoa, Udalak eta autonomiadun lau erakundeak (Andres Isasi Musika Eskola, Jesusen Bihotzeko Udal Egoitza, Kultur Etxea eta Fadura Kiroldegia) kontutan hartuta. Udala bakarrik kontutan hartuta 84 milioi euro baino gehiagokoa litzateke.

Iñaki Zarraoa alkateak azpimarratu duenez, oinarrizko hiru helburu ezarri dituzte datorren urteari begira: bizitzaren kalitatea hobetzea, herritarren elkarbizitza bultzatzea eta desberdintasun sozialak gainditzea. Izan ere, bere hitzetan, “izaera sozial handia” daukaten aurrekontuak dira. “Ohikoak ez diren gastuak 43,7 milioi euro dira. Horietatik % 70a gizarte gaietarako erabiliko da. Hamar eurotik zazpi, beraz” Gainera, inbertsio hauek ez dira soilik Gizarte Zerbitzuen Sailera mugatzen, Udalak dituen sei sailera zabalduko dira. Aurrekontu berrien “zeharkakotasuna” goraipatzean bat egin dute Imanol Landa, Fernando Burzaco eta Iñaki Urkiza; EAJko, EAko eta EB-IUko bozeramaleak hurrenez hurren.

Kultur eta kirol bikaintasuna lortzea ere izango dute helburu. Horretaz gain, Getxoko Udalak bere kudeaketa kalitateagatik eredu izan nahi duela Europan adierazi du Zarraoak. Azkenik, gobernu taldea osatzen duten alderdien “hauteskunde programekin eta beren filosofiarekin bat” datozela aurrekontuak azpimarratu nahi izan du Zarraoak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun