Iraken ere ez dute horrelako arriskurik. Han ere otarrainak garesti. Bizitza, ordea, pixka bat garestiago saltzen dute. Italiak, behintzat, hilkutxetan gastatu du otarrainetan gastatu beharrekoa Irakeko merkatuan. Aita Santuaren enpresako kutxetan bilduta iritsi zaio produktua, gabardina eta guzti; tira, gerraren alde batekoek badute zer ospatua gabonetan. Beste aldekoak Irak egiten ari omen dira, zuhaitzaren adar idorrak kamusten eta berriak kimatzen. Adarrak mozteko, aldiz, ez da enborrik moztu behar, ezta sustrairik ere. Baina adar jotzea dirudien arren, honen guztiaren sustraietan petrolioa dago, gure kostaldeko harrietan dagoenaren berdina. Irak egiten ari omen diren horiek su eta gar aritu dira herri aske baten bila, bakea altzairuzko haziekin landatuz. Hegazkinak, tankeak, misilak, lubakiak, soldaduak... behar diren osagai guztiak irabiatu dituzte kazuelan. Irak egiten. Baina Xenpelarrek berak zioen moduan: sutan jartzean probatutzen da nolakoa den eltzea. Irak ere Irakiten. Ikasleak ere izaten dira noizbait Irak(h)as/zle.
Dena dela, ez al zaik iruditzen tontakeria galanta horren urrun joatea, Xabi? Hik benetan uste al duk Uribe Kostako gizaki hilkorren kontzientzia kontinente bat harago joan daitekeela? Tira, ez diat gezurrik esango. Ez zakiat zenbat denbora eskaintzen dion uribekostar bakoitzak Irakeko gerraren egoerari, edota munduko beste edozein lekutako arazoei. Baina euren munduan bizi direnentzat ere, egokia iruditzen zaidak Andoni Egañak eta Jon Sarasuak Ruandari buruz idatzitako bertso hau. Ikasle-irakasle arteko hizketa bat duk: - Maisu duda bat daukat barrenean hara,/ bertan izanik hainbat arazo ta traba/ zertan jo behar dugu urrutietara?/-Urrutikoa hurbil sentitzen ez bada,/ hurbilekotik urrun aurkituko gara. Ondorioak zuen kontu.