Sahararen aldeko Getxoko ATFAL elkartearen ekimenez, haima handi bat jarriko dute, larunbatean, Algortako Metroko Plazan. Goizeko hamarretatik aurrera, henna eta iltze tailerretan parte hartzeko eta tea dastatzeko aukera edukiko dute bertara batzen diren guztiek. Horretaz gain, eskutitzak eta irudiak eskatuko dizkiete txikienei Saharako kanpalekuetara bidaltzeko eta bertokoekin trukatzeko. Mendebaldeko Sahara. Saharauitarren Herria argazki erakusketa ere egongo da ikusgai, Euskal Fondoaren eskutik. Azkenik, eguerdiko hamabietatik aurrera, Sherezaderen Txokoa emanaldia eskainiko dute Oihulari Klown taldekoek. Besteak beste, ipuinkontaketa, musika eta antzerkia nahasten ditu ikuskizun honek.
Igandeari dagokionez, gobernuz kanpoko hainbat erakundek aurrera daramatzaten egitasmoen eta Getxoko Udalak 2002an diruz lagundutako proiektuen berri izateko topagunea bilakatuko da Algortako Metroko Plaza. Horretarako, etxolak ipiniko dituzte. Horretaz gain, kalejira eta musika, elkartasun jokoak, erakusketak eta rokodromoa egongo dira, goizeko hamaiketatik aurrera. 13:00etan, berriz, La Revolución de las Lavanderas antzerki saioa eskainiko du CRAG taldeak.
Ekitaldiei 15:00etan emango zaie bukaera egun bietan.