Euskara eta kirola bat izango dira Andra Marin, III. Aerobic Maratoian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 21a, 22:54

Kirola eta euskara uztartuz, ondo pasatzeko aukera izango dute igande arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Getxoko Andra Mari Kiroldegian elkartzen diren guztiek. Izan ere, III. Aerobic Maratoia Euskaraz antolatu dute Bizarra Lepoanekoek, Getxoko V. Euskara Jardunaldien barruan. Egiten den hirugarren urtea da, eta aurten, berrikuntza ugari dakartza. Besteak beste, 'spinning' izeneko modalitate berriaren erakusketa eta 'capoeira' brasildarra egongo dira ikusgai, guztia DJkijeiki izeneko DJak musika zuzenean jartzen duen bitartean.

Aerobic-a eginez, maratoian parte hartu nahi dutenek ere garaiz dabiltza oraindik. Nahiz eta izena emateko epea gaur bertan bukatzen den, Andra Mari kiroldegian bertan apuntatzeko aukera izango dute kirol apurtxo bat egin nahi duten guztiek. Hori bai, igandean, arratsaldeko lauretan puntu-puntuan egon beharko dira bertan, eskuetan sei euro dituztela.

Izen emateko arauei dagokionez, 16 urtetik gorakoek baino ezin izango dute parte hartu. Gainera, apuntatzera doazenak ez ezik, beste guztiak ere lauretan egon beharko dira Andra Marin dortsalak jasotzeko.

Maratoia ez da kanporaketa bidez egingo, baina bi maila ezberdin ezarri dituzte antolatzaileek: begiraleak (profesionalak) alde batetik; eta parte-hartzaileak (amateurrak orohar) bestetik. Hasteko, 15 minutuko beroketa saioa egongo da. Eta gero, lau koreografia, gutxi gora behera 30 minutukoa bakoitza. Dena den, 'cool down' eta tiramenduak, beroketa eta lehenengo hiru koreografiak parte-hartzaile guztientzako komunak izango diren arren, azkenekoan onenek leku nagusian egingo dituzte ariketak. Edozein ezbehar saihesteko zerbitzu medikoa egongo da bertan. Eta ez ahaztu kirol oinetako egokiak erabiltzeaz.

Profesional mailan 1. eta 2. sailkatuentzat opari berezia egongo da. Amateurren mailan, berriz, lehenengo lau sailkatuek eramango dute saria, denentzat berdina. Baita Getxoko partehartzailerik onena ere. Dena den, ez da inor esku hutsik joango, guztiei emango diete oparia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun