Hasikera batek bere akaiera dakar. Lerro arteza da bi puntuen arteko biderik motzena. Politena barrez,biribila. Jakineko puntu batean zagozela asagokoa aditu, berrogeitabost graduko biratxoa egin, abiatu. Baina habiatu gelditzea da, habia egitea, lekutzea. Ez deko lebarik, hasikera guztietan dago haziren bat, auziren bat, ausiren bat. Azantza barik, asagoko hari puntutxu hari adikunerik bere bota barik, kasuriperez, jaramonik egingo ez bazeuntse lez, geldiro geldiro biribil erdia osotzen joan, asagoko puntutxua konturatuten ez danean engaina dozulakon, patxadaz parajetu, ja berrogeitabost graduak bestera egin dozuezela, bizkarretik pasa eta lotu barik ostabere mogimendu berbera errepikaturik, ehun eta laurogei graduak ibilita, hasierako lekuan amaitu arte, jolasean balitzeke lez.
Eta berriz hasi, hazi.
Trinok esan jaun hasikerako bertso eskolaren batean, z, s, x, tz, ts, tt berdinak dira eta altu kantau munduko jenerorik garrantzitsuenen pare. Beraz hasi bardin hazi. Hasten dan edozek hazikera dekolako izango ete da. Jaten hasi eta kiloak gora, ibilten hasi eta espazioa, pentsaten eta denbora. Eta geurean, hori bai dala gero, urrun esateko asau dinogu, asago edo azago beraz. Hasikeraren harago dagoena, hazi eta gero datorkuna. Baina hasiera beti gertu dago eta amaiera urrun. Hara ba martingala, hasiera eta asagoa berriz oso paraje, bata bestearen ondokoa. Kasik gauza bera, biribilean lez, hasikerarik hasikerara. Hasi, hazi, asago eta berriz hasi. Geurean ez dago amaierarik. Bidea da garrantzitsuena.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.