'Kondaira.com', euskarazko lehenengo aldizkari elektronikoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 25a, 19:05

Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Historia Sailak Kondaira.com historia aldizkari elektronikoa aurkeztu du gaur Bilbon UEUk daukan egoitzan. "Kalitatea zainduz", orotariko historia lanek edukiko dute lekua aldizkari berrian. Horretaz gain, historiagile eta historiazale euskaldunen arteko harremanak garatzea eta sendotzea da helburu nagusienetako bat. 'Kondaira.com' euskaraz izango da osorik, eta historia gaiei buruz arituko denez, aitzindaria da esparru horretan.

Orain arte, ez da historian espezializaturiko aldizkaririk egon euskaraz. "Hutsune hori betetzeko asmoz" sortu da aldizkari elektroniko berria, Jurgi Kintana 'Kondaira.com'-eko zuzendariak azaldu duenez. UEUko Historia Sailaren ekimenez eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, historian interesa duten guztien (historia irakasle, ikertzaile, ikasle zein historiazale) eskura dago gaurtik aurrera internet bidez eta dohainik. Kintanaren hitzetan, paperezko aldizkariek baino "zabalkunde eta aukera interaktibo handiagoak" ahalbidetzen ditu formato elektronikoak. Sei hilabetean behin argitaratuko dute ale berria.

Aldizkari elektronikoko orri nagusian historia artikuluak agertuko dira, eta haien laburpena ikusi edota artikulu osoa norbere ordenagailura jaisteko aukera egongo da (pdf formatuan). Sail hau orotariko historia lanei zabalik dago.

Baina artikuluez gain, historiaren irakaskuntzan baliagarriak izan daitezkeen materialak (testuak eta mapak) ere aurki daitezke 'Kondaira' aldizkarian, Historia materialen atalean alegia. Honetan, Euskal Herriko zein munduko testu eta mapa historikoen corpus gero eta handiagoa biltzeko asmoa dago, mota honetako materialak dituenak bertan jartzeko aukera duelarik.

Azkenik, historialari eta historiazale euskaldunen arteko harremanak garatzeko eztabaida zerrenda dago. Honen bidez, "euskaldun historialarien bilgune" izan nahi du 'Kondaira' aldizkariak. Ikuspegi desberdinak errespetatuz, sakabanaturik dauden euskaldun historialari guztiak harremanetan jarri eta plataforma komun bat eratzeko asmoz sortu da.

Mikel Aizpuru Historia doktoreak aipatu duenez, "hein handiz, egin gabe dauden" 1981ean UEUko historia sailak aipatu zituen xedeak gauzatzen laguntzeko aukera eskain dezake 'Kondaira' aldizkariak, "Historialari sakabanatuak elkarganatzea eta euskal historialarien arteko koordinakuntza indartzea; Historiarako euskara normalizatu bat sortu eta finkatzea eta Historiaz euskaraz egiten diren edo egin litezkeen lanak bizkortu eta zabaltzea", hain zuzen ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun