Marian Perez del Rio berriro espetxera sartzeko arriskutan dago

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 26a, 14:27

Marian Perez del Rio baldintzapeko askatasunean irten zen kalera 2003ko otsailean, Espainiako espetxeetan 11 urte egin ondoren. Baina fiskalak errekurtsoa egin zuen, eta orain Madrileko Entzutegi Nazionalak erabakiko du zer egingo duten.

Orain edozein momentutan espetxeratu dezaketela esan dezakegu. Izan ere, bere egoeran zegoen Patxi Gomez (Urtuella) astelehenean espetxeratu zuten Basaurin, eta Luis Mari Azkargorta (Bergara) ere espetxeratzeko agindua eman ei du epaileak. Erabakiaren zain daude, Marian bezala, Basauri Pujana (Elorrio) eta Iñaki Arietaleaniz (Bergara). Hauetaz gain, egoera berean izandako Kepa Narbarte (Bermeo) eta Txabi Etxebarria (Sopela) aspaldi espetxeratu zituzten berriro. Hori dela eta, ez da zirrikitu handirik ikusten Marian espetxera sartzea eragozteko.

Mariani baldintzapeko askatasuna aplikatzeko erabakia Bilboko Espetxe Zaintzako epaile Ruth Alonsok hartu zuen, legeak dioen bezala espetxeko zigorraren hiru laurdenak beteta zituelako. Baina fiskalak errekurrtsoa aurkeztu zuen, eta Marian kalean dagoen arren, errekurtsoak aurrera egin du.

Dena dela, oraindik ez da ezagutzen 'bista' noiz egingo den. Epaia erabaki aurretik ere, Audientzia Nazionaleko fiskalak bere txostena egin zuen 2003ko abuztuaren 6an, eta horretan eskatu zuen baldintzapeko askatasuna kendu eta berehala espetxera sartzeko. Tribunalak, ordea, 2003ko irailaren 26an horri erantzuteko emandako autoan esan zuen epairik gabe ezin zela Marian espetxera sartu. Baina egun hauetako azken espetxeratze aginduekin ez dago ezer definitiborik esaterik, eta esan dugun bezala, edozein momentuan agindu dezakete Marian espetxeratzea.

Prozesuarekin jarraituz, epaitegiak prokuradorea izendatzeko adierazi dio Marianen abokatuari, eta azkenean 'bista' eguna zehaztuko da. Aurretik ez dago esaterik noiz izan daitekeen 'bista', prozesuak oso aldakorrak direlako, faktore bat edo beste kontutan hartuta.

Bestela ere, prozesu honetan nabarmenak dira azken aldian espetxe legerian egin diren hainbat aldaketa: esate baterako, lehenago holako errekurtsoak Entzutegi Probintzialak erabaki behar zituen. Baina orain espetxe zigorra ezarri zien epaitegiak berak erabaki behar ditu euskal preso politikoen espetxe zigorrei buruzko errekurtsoak, hau da, espetxe zaintzako epaitegitik gora egindakoak.

Bestetik, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala eratu da aurten, euskal preso politikoen kontu guztiak Madrilen zentralizatu eta kate motzean kontrolatzeko. Honek ez du zerikusirik Marianen kasuarekin, baldintzapeko askatasuna zaintzako epaitegi zentral hori sortu aurretik aplikatu ziotelako. Eta fiskalaren errekurtsoa, zuzenean, joan da Bilbotik Audientzia Nazionalera.

Bestela ere, jakin badakigu, Zaintzako Epaitegi Zentral horrek blokeatu egin dituela euskal preso politikoen baldintzapeko askatasun guztiak, eta sortu zenetik ez diola inori ere aplikatu, hiru laurdenak beteta edukitzeagatik legez horren aplikazioa dagokien euskal preso politiko guztiek (100 inguru) eskatu zuten arren.

Aipatu behar da kode penal berria aldatu eta, euskal preso politikoen kasuan, baldintza berriak ere jarri dituztela baldintzapeko askatasunerako (damutzea, poliziarekin kolaboratzea...), baina juridikoki irizpide horiek ezin dizkiete aplikatu aurreko kode penala zegoenean espetxeratu zituztenei.

Marianen egoera dela eta hainbat ekimen jarri dira martxan Algortan. Horien artean informazioa zabaltzeko eta sinadurak biltzeko kanpaina hasi da. Bestelako ekimenak ere prestatzen ari dira, berandu baino lehen egiteko.

Izan ere, ez dago inolako arrazoi juridikorik ez zentzuzkorik Marian berriro espetxera sartzeko. Kalean besteok egin dezakegun bizimodua egiten du, lanean dihardu, familiarekin bizi da (hiru seme-alaba dauzka) Kartzela kontuetan zerbait aldatzekotan, Txetxu Fernandez bere senarra kaleratu beharko lukete, elkarrekin atxilotu eta oraindik espetxean dago-eta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun