Ibilaldia-04 - Xabier Ugalde / Ander Deuna Ikastolako zuzendaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 26a, 23:57

Datorren urteko Ibilaldia Ander Deuna eta Betiko ikastolei egokitu zaie antolatzea. Bi ikastolok, ilusioz eta konpromisoak eskatzen duen tamainako lanaz jakitun, buru-belarri ekin diogu Ibilaldiaren antolaketari. Aurkeztutako proiektuan Ibilaldia bera, ibilbidea, Leioan egingo da baina ordurako Ibilaldia aurreko hainbat kultur eta kirol ekitaldi ere izango ditugu Uribe-Kostako herrietan.

Ibilaldiarekin Ikastola Eredua zabaldu nahi dugu Uribe-Kostan.
Euskalduntasuna, ikas materialaren ekoizpen propioa, ikerketa eta garapena, kudeaketa autonomoa, ikastolen arteko lankidetza, Euskal Herriari atxikia, auto-ebaluazioa, kalitatea, elkartasuna, etengabeko prestakuntza eta izaera herritarra duen titularitate soziala dira eredu horren ezaugarri komunak. Baina badu Ibilaldiak beste helburu bat ere, bi ikastolek dituzten instalazioak berriztatu eta modernizatzeko beharrezko diren diru inbertsioetarako baliabide ekonomikoak eskuratzea, hain zuzen.

Aukeratutako leloari dagokionez “Alkarregaz heldu” leloa hartu
dugu. “Alkarregaz”, “Elkarrekin”, “taldean”, “besteekin batera” aritzea, ibiltzea ikastolen ezaugarrietako bat da. Ezaugarria eta ezinbestekoa ere badela esango nuke. Ikastolen hezkuntza eta hizkuntza proiektuak aurrera ateratzeko elkar eragitea, bat egitea, elkarlana eskatzen du eta. Bestalde, partaidetzarako dinamikak, ikastolei berezko nortasuna ematen die eta, halaber, ikasleen heziketaz ari garela ezin ahaztu irakasle eta aita-amen arteko elkarlana oinarria eta ardatza izan behar duela.

Eta, azkenik, aukeratutako logotipoaz pare bat hitz. Lamia
pertsonaia agertu nahi izan dugu. Leioan bada lamiako izena duen parajea. Kantuak eta kontuak dioenez, bertoko paduretan Lamia bizi ei zen. Lamiak surf taula daroa aldean. Egun Euskal Herriko hainbat herritarri oso gustagarri egiten zaie kirol hau. Kirol berria gure kulturan baina hedapen handia izan duena azken urteetan. Azken batean, gure nahia horixe baita. Milaka urte dituen euskara eta gure eguneroko bizitzako aktibitateak uztartzea, dauden ekarpenak jaso eta integratzea eta kultura propioaren sortzaile izatea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun