Ibilaldiak behar zaitu!

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 26a, 21:21

Ibilaldi baten antolaketan dauden beharrak ugariak dira, ez baita inondik inora erraza horrelako garrantzia duen ekitaldi bat aurrera ateratzea. Ikastola guztien inguruan lortu beharrekoak kontuan hartuz, begi bistakoa da lana ikaragarri handia dela.

Aurtengo Ibilaldia Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolek antolatzen dute, nahiz eta 2004.urteko Ibilaldia Betikon ospatuko den maiatzaren 30ean.

Testu honen bitartez jendearen partehartzea bultzatu nahi dugu Ibilaldiaren antolaketan murgildurik gauden guztiok. Esan beharra dago, oraindik ere hutsuneak daudela zenbait arlotan. Publizitatean, arropa dendetan, kulturan kirolan, prentsan edota muntaian pertsonalgo falta dagoela adierazgarria da. Horrenbestez, Ibilaldiko Antolaketarekin kontaktuan jartzeko helbide elektroniko hau luzatzen dizuegu: ibilaldia2004@yahoo.com

Beste alde batetik, baina Ibiladia albo batera utzi barik, azaroaren 29an Betiko ikastolako frontoi berriaren inauguraziora gonbidatu nahi zaituztegu, egun horretan ospatuko den jaia ez baita edonolakoa izango.

Esan bezala, azaroaren 29an, larunbatean egongo direnak ez dira gutxi izango: bertsolariak, dantzak, pelota partidak, herri bazkaria, umeentzako antzerkia eta erromeria beste askoren artean. Sinisten ez baduzue, joan eta ikusi.

Beste alde batetik, azaroaren 30ean, igandean beste ekitaldi bat antolatu du Ibilaldiak. Hain zuzen ere egun horretan Sopelako Urko kiroldegian bertso saioa egongo da arratsaldeko seietan, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Sustrai Kolina, Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren eskutik. Gainera, Ibilaldia asteburu honetan Gordexolan eta Usansolon egongo dela azpimarratzekoa da oso.

Ez ahaztu Ibilaldiaren inguruan egongo direnen berri eukitzeko www.ukberri.net webgunean duzuela informazio iturri fidagarri bat.

Eider Senarriaga, Ibilaldia 2004ko bekaduna
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun