Udaltzaingoak aditzera eman duenez, Ereaga hondartzan dagoen Igeretxe hotelean egin zuen lehenengo lapurreta A.M.U.k. Goizeko 7:30ak aldera, tamaina handiko mendi-labana eskuetan zuela, hotelera sartu eta bertan zegoen langileari kutxako dirua eskatu zion. Honek ezetz esan eta, orduan, labana gorde eta pistola atera zuen lapurrak. Hori ikusita, gordeta zegoen dirua ematea erabaki zuen langileak, 100 bat euro guztira. Ondoren, Igeretxetik irten eta Algorta erdigunera abiatu zen, motozikleta batean, 28 urteko bilbotarra,
Ordu erdi beranduago, Alangobarri kaleko janari denda batera sartu, eta berriro ere, labana erakutsiz, kutxan zegoen dirua hartu zuen, 150 bat euro.
Udaltzaingoak gertatutakoaren berri izan eta gero, kale arropaz jantzita zeuden agenteek gune horretako lokalak miatu zituzten. Denbora gutxira, lapurraren ezaugarri berberak zituen lagun batekin egin zuten topo, Euskal Herria kaleko taberna batean, bigarren lapurreta gertatu zen tokitik metro gutxitara. Ustez, lapurtutako dirua gastatzen ari zen tabernako makinan. Lapurretan erabilitako motozikleta ere bertan zegoen.
Atxilotu zutenean mendi-labana aurkitu zioten gainean. Pistola, berriz, Igeretxe Hoteletik hurbil dagoen lorategi batean bota zuen, udaltzainei esandakoaren arabera. Bertara joan eta gezurrezkoa zela ikusi zuten agenteek.
Ereaga hondartzako uretan kotxe bat agertu zen atzo
Eguerdiko 12:15ak aldera, 'Peugeot 206' bat agertu zen atzo Ereaga hondartzako uretan. Ertzaintzak aditzera eman zuenez, barruan ez zuten inortxo ere aurkitu, kotxean pertsonaren bat zegoen begiratzeko hurbildu ziren urpekariek.
Lapurtutakoa omen da kotxea.