Erandioko egoitzan itxi dira Ertzaintzako ordezkari sindikalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 27a, 21:48

Ertzaintzako ELA, ERNE, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak polizia horren Erandioko egoitzan itxi dira. Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak ez dituela segurtasun arloko baldintzak negoziatu nahi salatu nahi dute ekintza horren bidez. Izan ere, urtebetean aurreneko aldiz bildu da gaur Jaurlaritzaren eta sindikatuen arteko negoziazio mahaia, baina inolako akordiorik gabe amaitu da batzarra. Are gehiago, euren "lankide direnak erabiliz" bileratik bota dituzte.

Urtebete baino gehiago irauten duen lan gatazkari irtenbidea emateko asmoz, aurreneko aldiz deitu ditu gaur sindikatuak, negoziazio mahaira, Eusko Jaurlaritzak. Sindikatuen arabera, Barne Saileko ordezkariek oso jarrera itxia izan dute gaurko bileran; "iraingarria" mahai horretan ordezkariak dituzten ELAko, ErNEko eta CCOOko kideen hitzetan. Soldata igoerei dagokionez, Funtzio Publikorako Mahai Orokorrean hitzartukoari buruz baino ez dute hitzegin nahi izan. Sindikatuek segurtasun arloan egiten dituzten eskaerak, berriz, aztertu ere ez dituzte egin, horretarako foro egokia ez dela argudiatuz.

Jaurlaritzako ordezkarien jarrera ikusita, Javier Balza Barne sailburua bileran agertzeko eskatu dute. Baina negoziazio mahaitik kanporatuak izatea baino ez dute lortu. Hori dela eta, gaur Erandioko Ertzainetxean itxita egotea erabaki dute ordezkari sindikalek, protesta horren bidez Balzarekin batzartzea eskatzeko, eta "lan gatazkari behin betiko irtenbidea bilatzeko". Kanporatuak izateko euren "lankideak erabili izana" gogor kritikatu dute.

ELA, ErNE eta CCOO sindikatuetako kideak ez ezik, UGT ere batu da itxialdira. Horretaz gain, epaitegian salaketa jartzea erabaki dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun