'Zaharregia, txikiegia agian' izeneko egitasmoak New York hirira eraman zituen Kirmen Uribe idazlea eta Mikel Urdangarin musikaria, 2003ko udaberrian. Arrakasta osoz burutu zuten hango bira eta orain Euskal Herrian eskaintzera datoz. Azken aldiko literatura eta musika batzen ditu ikuskizunak, gure garaiko kezkak modu garaikide eta garbian emanak.
Ikuskizunean, Kirmen Uribek 'Bitartean Heldu Eskutik' bere azken liburuko poemak irakurtzen ditu, bere beste idazlan eta Euskal Herriko autore batzuen poemekin batera. Irakurketekin tartekatuz, Mikel Urdangarinek (Bingen Mendizabalek eta Rafa Ruedak lagunduta) proiektu honetarako eginiko kantuez gain, aurreko diskoetakoak ere kantatzen ditu. Gainera, ekitaldia borobiltzeko, kolorez beteriko proiekzioak ere eskainiko dira publiko guztietarako ekitaldi honetan.