2003ko urtarrilean egin zen Porto Alegreko Munduko III. Gizarte Foroaren itzalean jaiotako Europako Eskualdeetako Gobernu Solidarioen Foroak, lehenengo topagunea egiten ari da gaur eta bihar Algortako Villamonte kaleko Kultur Etxean.
Konpromizua oinarritzat hartuz, esperimentazioa, salaketa eta Munduko zein Europako Gizarte Foroak abian jartzen ari diren bide berriak lantzeko sortu da ekimena, Angel Elias Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekintza sailburuordeak gaur goizean azaldu duenez.
Demokrazia parte hartzaileari buruzko hausnarketa egitea eta Europan gertatzen ari diren emigrazio prozesuak aztertzea da foro honen helburua, ideia berriak garatzeko eta kontinentearen eskualde ezberdinetan gertatzen ari diren prozesu anitzak ezagutzeko.
Topagunean, Italia, Frantzia, Alemania, Belgika eta Espainako hainbat eskualdeko 60 bat ordezkariek hartuko dute parte, Eusko Jaurlaritzako kideekin batera. Besteak beste, euren esperientziak eta aipatutako gaiei buruzko ikuspegiak azalduko dituzte unibertsitateko, erakundeetako eta globalizazio alternatiboaren gaineko adituek.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.