Azkenengo bi urtetan, hain zuzen ere, Bizkaiko Batzar Nagusietan, Gizartekintza Mahaiak bultzatuta, alderdi politikoek, sindikatuek, eta erakunde ezberdinetako ordezkariek (Emakunde, Ertzaintza, Auzitegi Nagusia, Osakidetza, Hezkuntza saila
eta abar luze bat) lan egin dute Emakumeenganako Tratu Txarrei buruzko Txostena egiteko.
Lan hau amaitu ondoren bi ondorio nagusi atera dituzte: batetik, emakumezkoen aurkako indarkeriaren edo genero indarkeriaren arrazoia eta susterra emakumezkoek gure gizartean oraindik ere jasaten duten ezberdintasun estrukturalean datza eta, bestetik, nahiz eta gizarteak berak eta erakundeek arazo honen aurrean eman duten erantzuna baloragarria izan, ez da nahikoa. Horrexegatik, beste neurri batzuen artean, proposatu zuten Genero-indarkeriarako Behategia sortzea.
Esan eta izan. Organu berri hori errealitatea izango da datozen hilabetetan Bizkaiko Foru Aldundiak hurrengo urterako aurrekontuetan partida berezia ezarri baitu Genero-indarkeriarako Behategia martxan jartzeko. Organu honen betebeharra informazio eta datu guztiak biltzea izango da, eta arazo honen norainokotasuna, alde guztietatik ikusita, zein den erakusteko balio izango du. Behategi horretan erakunde guztiek, handienetik txikienera eta emakume-elkarteek ere hartuko dute parte.
Bizkaian hasi gara bidea egiten. Saia gaitezen guztion elkarlanarekin era guztietako indarkeria gure aldamenetik baztertzen. Horrela gizarte osasuntsuagoa eta justuagoa utziko diegu gure seme-alabei.
Zoritxarrez, eguneroko berriak dira emakumezko askok jasaten dituzten tratu txarrak eta era askotako erasoak.Egun hauetan indarkeria honen aurka Nazioarteko Eguna izan dela eta, datuak eta aldarrikapenak entzun dira edonon eta hedabide guztiek horren oihartzuna jaso dute.