Horretaz gain, Koldo Arrese eta Abel Ariznabarreta (Jaurlaritzako Hezkuntza Saila), Gotzon Lobera (Bizkaiko Foru Aldundia), Erramun Osa eta Pedro Aranburu (Ikastolen Elkartea), Iñigo Urkullu eta Ana Ares (EAJ), Martin Aranburu (EA), Jone Goirizelaia (Sozialista Abertzaleak), Joserra Etxebarria (AuB), Txomin Lorca (LAB), Jose Angel Iribar (Athletic Club), Carlos Lasa (Bizkaiko Pilota Federazioa) eta Oier Zearra eta Imanol Agirre pilotari bizkaitarrak ere egongo dira ekitaldian.
Inaugurazio ekitaldia 10:30ak aldera hasiko da, Koldo Tellituk, Karmelo Sainz de la Mazak eta Anjeles Iztuetak eskainiko dituzten hitzaldiekin; ordubete geroago, pilotaleku-kiroldegi berria zabalduko dute Iztuetak eta Betiko ikastolako ikasleek. Horretarako, aurreskua, euskal dantzak eta bertsolariak egongo dira, pilotari profesionalen erakusketa batekin bukatzeko.
Arratsaldeko ordu bi t'etan herri bazkaria egingo da, eta 16,30etan txotxongiloen ikuskizun bat antolatu dute. Azkenik, 18,00etan, erromeria egongo da Roberto eta Keparen eskutik. Gainera, egun osoan zehar, txosna, Ibilaldi 2004ko arropen salmenta eta giro aparta izango direla adierazi dute antolatzaileek.
Antolaketan parte hartzeko deia
Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolak dira 2004ko Ibilaldia antolatzeko arduradunak. Publizitatean, arropa dendetan, kulturan, kirolan, prentsan edota muntaian laguntzeko jendea eskatzen dute. Horrenbestez, Ibilaldiko antolatzaileekin kontaktuan jartzeko helbide elektroniko hau jarri dute: ibilaldia2004@yahoo.com