Aste zoragarria dinot, baina tentsioa eta urduritasuna ere izan ziren. 6 ikasle espedientea izan genuen mahai gainean eta errektorea 6etako birekin elkarrizketatu zen, mehatxua benetakoa zela antzeztuz. Protestari etekina atera genion bezala, mehatxuak ere funtzionatu egin zuen eta etxerako bidea hartu genuen.
18 urte geroago, iazko abenduan, ez dakit ze doinuak entzungo ziren gehien discmanetan, baina ikasleek gau bakarra ere ezin izan zuten Leioako campusean eman eta gure kasuan unibertsitate barneko kontua izan zena, oraingoan itxialdian parte hartu zuten guztien auziperatzearekin ere amaitu ez eta inoiz bueltako txartela ziurtaturik ez daukaten Madrilerako bidai horietako bat irudikatzen ari da.
Kamarada, nola aldatzen diren gauzak!
Errepresioa eta kriminalizazioaren gordina, ondo goazenaren seinale dela entzuten ari da gero eta gehiago, estatuak bataila politikoa galdu duela eta indarra baino ez zaiola geratzen. Ados nago, baina indarra ez zaie menperatzen gaituzten estatuei errez agortuko eta aurrera eginez kontrako indar hori saihestea, hori bai erronka!
Ta bitartean, geurera. Aste honetan Durangoko azoka datorkigu eta hori baino lehen abenduaren 3a, egutegietan 6aren ordez gorriz markatzeko Udalbiltzak proposatu digun eguna, euskararen eguna eta Nafarroaren eguna.
Iazko abenduaren 3an nafar bandera gorria eskegita izan zuen Elorrioko udaletxeak egun osoan zehar. Urzainquik 'La Navarra Marítima' liburua argitaratu zuenetik zerbait gertatzen ari da. Batzuk 'nabarritis' deitzen diote eta geroa eraikitzeko historiari eman beharreko garrantziaz eztabaida ere izan dugu komunikabideetan iritzi artikulu desberdinen bitartez. Pasa den barikuan Gorrondatxera guzti honetaz berba egitera gonbidatu genuen Floren Aoizek gutxi gora behera hurrengoa esan zigun: Geroa ez da iragana, baina amnesia pairatzen duen pertsona bat bere bizitza egiteko ahulago agertzen den bezala, nor izan nahi duen herri batek bere historia ezagutu behar du.
Datorren eguastenean arratsaldeko zazpietatik aurrera eta Gorrondatxe Kultur Elkarteak deituta, Algortan kalez kale ibiliko gara nafar gorria, ikurriña eta arrano beltza astinduz. Hator eta baietz kutsatu!