Gozategiren kontzertua Euskararen Eguna ospatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 2a, 22:34

Getxoko V. Euskara Jardunaldiek egun handia izango dute bihar. Izan ere, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Goizean goiz, lehian arituko dira Algortako San Nikolas Plazan euskaltegietako ikasleek, Euskaltegien Arteko III. Olinpiadetan. Arratsaldean, berriz, euskararen egoera Getxon izango da hizpide Getxo Antzokian. 19:00etatik aurrera, 'Euskarak Getxon badu etorkizunik II' hitzaldia eskainiko dute, Kike Amonarrizek parte hartuko duelarik. Azkenik, Euskararen Egunari amaiera emateko, Gozategiren kontzertua egongo da San Nikolasen, 20:30etik aurrera. San Nikolas Ikastolak txitxiburduntzia prestatuko du bertan.

Gezurra badirudi, hirugarren urtez Getxo egoitza-olinpikoa izango da. Jose Antonio Agirre, Lauaxeta eta Udal euskaltegiek antolatuta, ondo pasatzeko aukera izango dute ikasleek, eta orokorrean, gazteek, ikasgeletatik kanpo, euskaraz berba eginez. Eta euskara modu naturalean erabiliz. Hori bai, Olinpiada guztietan legez, domina lortzeko izerdi apur bat atera behar: futbolin erraldoian, arraunketa birtualean, Euskal Herriko puzzle erraldoian eta antzeko probetan hankak ez ezik burua ere nekatu beharko dituzte ikasleek. Nork lortuko du urrea?

Arratsaldean, berriz, Getxon euskararen egoera egongo da aztergai, 19:00etatik aurrera, Algortako Getxo Antzokian egingo den 'Euskarak Getxon badu etorkizunik II' hitzaldian.

1995ean, ikerketa-talde batek gure udalerrian euskararen egoera soziolinguistikoaren azterketa zehatza burutu zuen. Urte batzuk pasa dira eta, interesgarria da gaur egungo euskararen egoera zein den jakitea. Horretarako, 'Euskarak Getxon badu etorkizunik II' hitzaldian azterketa berri bat egingo da, orain dela zortzi urteko ikerketa zuzendu zuen Kike Amonarrizek parte hartuko duelarik. Gainera, Euskara Biziberritzeko Getxoko Plan Nagusiaren berri emango du Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak.

Euskararen Eguna jaia dugu eta, jakina, horretarako erromeria derrigorrezkoa da. Algortako Geltokiko Plazan, lagunen arteko giro apartan gozatu ahal izango dugu. Gainera, gure talderik ezagunenetariko batek alaituko du giroa, Gozategik, hain zuzen ere, trikitixa eta "cumbia" edota "merengue" erritmo bizi, entzunerrazak eta dantzagarriak eskainiko ditu 20:30etik aurrera, Algortako San Nikolas plazan. Ekitaldi paregabea Euskararen Eguna ospatzeko. Horretaz gain, San Nikolas Ikastolak txitxiburduntzia prestatuko du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun