"...como habláis en euskera..." - Alberto Hernández / Euskara irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 2a, 22:58

Egunotan Uribe kostako herrietan "Euskararen eguna" delakoa burutu ohi izan da, eta euskarak urtean 365 egun (2004an 366) behar dituela defendatzen dugunontzat zenbaitetan ospakizun artifiziala izan badaiteke ere, gure herrietan programatu diren ekitaldietara biltzeko deia egin nahi dizuet.

Ospakizun hauek aitzakia, zenbait politikarik euskararekiko duten jarrera salatu nahi dut, ahoz euskararen alde daudela baina inolako konpromiso eta dinamika zehatzik bultzatu gabe ari direnean etengabe, edota ongi dakitela euskalzaleak eta jarduera kriminalak bereizten, euskararekiko mesprexua besterik ez adierazten duten bitartean.

Egunero izaten ditugu esandakoaren adibide garbiak: 2003ko azaroaren 27an Sopelako udalak udalbatza burutu zuen, ohiko idazkaria bajan, euskaraz irakurtzen ere ez zekien pertsona batek egin zituen idazkari lanak, euskarak udala gobernatzen dutenentzat zer nolako garrantzia eta pisua izan behar duen ongi islatzen duen gertakizuna, hau gutxi izan balitz, osoko bilkura ia erdara hutsean entzun behar izan genuen, Sopela Aurrera herri plataformaren bozeramailearen hitzak izan ezik (honek ia euskara besterik ez baitzuen erabili). Euskara hutsean jardutea iraintzat hartu zuen PPko bozeramaileak eta honakoa bota zion euskaraz aritu zen bozeramaileari: “yo debatiría sobre lo que estáis hablando, pero como solo habláis en euskera”. Horren ondoren altxatu eta alde egin zuen, antza denez presaka zebilen.Baina zoritxarrez udalbatza ez da euskara behar den bezala tratatzen ez duen esparru bakarra.

Sopelako udalak Sopelana Gurea aldizkaria argitaratzen du, zure ahotsa azpi izenburuarekin. Hain euskalduna den izenaren atzean, gaztelera %70ean, eta euskara %30ean erabiltzen duen aldizkaria dugu, agenda erdara hutsean idatzita daukana. Nahiz eta behin baino gehiagotan hori salatu, egoera ez da batere aldatu 3 urtetan, eta aldizkari honen edukien atzean bere burua euskalduntzat duen alderdia daukagu. Nik izena aldatzea proposatuko nieke: "Nuestra Sopela, nuestra voz”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun