'Getxon euskarak badu etorkizunik'

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 3a, 22:04

Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna aukeratu du Getxoko Udalak herrian euskarak bizi duen egoera soziolinguistikoaren berri emateko. Izan ere, 19:00etatik aurrera, azken ikerketa biltzen duen 'Getxon euskarak badu etorkizunik II' liburuxka aurkeztu dute Algortako Getxo Antzokian. Orain dela zortzi urte, Siadecok burututako azterketa zuzendu zuen Kike Amonarrizek ere hitzaldian parte hartu du, ordutik hona egoera zertan aldatu den azaltzeko. Azken datuen arabera, 16.000 getxoztarrek dakite euskaraz ondo egiten. Joxi Arakama Getxoko Udal Euskara Zerbitzuko teknikariaren hitzetan, "ehunekoei begira ez horrenbeste (%19,9), baina zenbaki absolutuetan gutxi dira hainbeste euskaldun dituzten udalerriak". Gainera, euren burua ia euskaldunak definitzen dutenak 25.313 dira (%31,53). Hala ere, gorakada dexente moteldu da azken bost urteotan.

Dena den, ama-hizkuntza eta umeen eskolaratze datuak baikorrak dira, beste askoren artean, adin-tarte gazteenetan berreskuratzearen aldeko joera antzematen delako. Iñaki Zarraoa Getxoko alkatearen hitzetan, "euskararen ezagutza-maila datuak baikorrak izanik, erabileraren aldeko urratsak emateko garaia da". Udalbatzak onartutako Euskararen Biziberritze Plan Nagusia (EBPN (pdf)) normalizazioa bultzatzeko "guztiz beharrezkotzat" jotzen du. Hain zuzen, horren berri ere eman dute gaurko hitzaldian udal arduradunek. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak eskaintzeko, behar diren hizkuntza-politikako neurriak erabaki eta bultzatzea du helburu EBPNk.

"Biderik egokiena"

Getxoko Udalak eskatuta, udalerrian euskarak bizi zuen egoera soziolinguistikoaren azterketa egin zuen 1995ean Siadeco ikerketa-taldeak. Azterketa haren emaitzak "Getxon euskarak badu etorkizunik" liburuxkan bildu ziren. Urte batzuk igaro dira jada azterketa soziolinguistiko hura burutu zenetik eta, gaur egun ere, euskararen egoera zein den jakitea "interesgarria" litzatekeela pentsatu dute udal arduradunek, eta bide batez, "orain dela zortzi urteko egoerarekin konparatzea". Ildo horretan, jarraipena egitea "guztiz beharrezkotzat" jo zuen, Iñaki Zarraoa alkateak atzo emandako prentsaurrekoan, "euskararen normalizazioa zelan bideratu jakiteko". Urriaren 31ko udalbatzarrean onartu zen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) "euskararen erabilera bultzatzeko biderik egokiena" dela gaineratu zuen.

Orain kaleratu den "Getxon euskarak badu etorkizunik II" liburuxkak aurrekoaren eskema bera jarraitzen du, Joxi Arakama Udal Euskara Zerbitzuko teknikariak aipatu zuenez, "egoera soziolinguistikoaren argazkia eginez". Horrela, 2001eko Zentsuko datuak aztertuz (horiek dira Eustatek bildutako azkenak) ia 16.000 pertsonek dakite euskaraz ondo berba egiten Getxon. Biztanleen erdia (%48,56) erdaldun elebakarrak dira, hau da, ez dakite euskaraz hitz egiten. Getxoko euskaldunak %19,9 dira eta ia euskaldunak %31,53. Azken hogei urteotako bilakaera aztertuz gero, batetik, euskaldunen portzentajearen igoera handia izan da, bikoiztu egin dela esan daiteke, %9,9 izatetik %19,9ra. Bestetik, erdaldun elebakarren beherakada handia izan da: %67tik 1981ean %48,5era hogei urte beranduago, hau da, hiru getxotarretatik bi erdaldun izatetik, bitik bat izatera.

Hala ere, datu guztiak ez dira horren baikorrak. Azpimarratzekoa da 1996tik 2001era euskaldunen portzentajeak hazkunde erritmo askoz motelagoa izan duela aurrekoetan baino: 1991etik 1996ra euskaldunen kopurua %34,5 egin zuen gora, azken bost urteetan, aldiz, %3,4 baino ez. Moteltze hau, neurri batean, populazioaren zahartzearen eta jaiotzak gutxitzearen ondorioa izan liteke, adituen ustez.

Adinaren arabera, gazteak dira Getxoko euskaldunak: %67,5 34 urtez azpikoa da eta 50% 24 urtez azpikoa. Euskaldunen ehunekoak behera egiten du adinarekin batera, baina 40-50 urtetik behera aldaketa argia dago eta euskaldunen kopuruak gora egiten du nabarmen. Hogei urtez azpiko hamar getxoztarretatik, lau euskaldunak dira, beste lauk zer edo zer badaki eta bik ez dakite euskaraz. Dena den, kontuan hartu behar da gazte horien artean talderik handiena ia euskaldunena dela.

Getxoztarren ama-hizkuntzari buruzko datuak "itxaropentsuak" direla aipatu zuen Joxi Arakamak. Izan ere, ama-hizkuntza euskara izatea dagokionean 65 urtetik gorakoek herriaren bataz bestekoaren gainetik dauden arren (75 urtetik gorakoen artean %17,3), joera aldatzen ari dela aurrikusten dute azken zentsuko datuek: 2-4 urte bitartean %21,77k du euskara ama-hizkuntza eta, 5-9 urte bitartean %18,13k. "Azken hamabost urteotan ez da bilakaera aipagarririk izan, baina, egia ere bada adin-tarte gazteenetan berreskuratzearen aldeko joera antzematen dela eta hori pozgarria da", gaineratu zuen euskara teknikariak.

Beste alde batetik, liburuxkaren bigarren zatian, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea edota merkataritzaren inguruko datuak biltzen dira besteak beste. 2003-04 ikasturtean eskolan hasi diren 10 ume getxoztarretatik 5 D ereduan (270 ume) daude, 3 A ereduan (169 ume) eta 2 B ereduan (136 ume). Euskaltegiei dagokionez, 1.700 helduk dihardu euskara ikasten. Azkenik, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) helburuen berri ematen du azkeneko atalean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun