Euskal Herrian euskara hizkuntza ofiziala bada ere, oraindik, ezin dira unibertsitateko karrera guztiak euskaraz ikasi. Horretaz gain, euskaraz dauden karrera batzuen azkeneko ikasturteak ere ezin dira euskaraz eman. Hori dela eta, abenduaren 2an protestaldi egun nazionala deitu zen Leioako campusean. 200 pertsona bildu zituen manifestazioak.
Leioako campusean deiturik zegoen manifestazioa eguerdiko 13.00etan hastea zen, bost minutu lehenago, ordea, Zientzia Fakultatetik hasita, beste manifestazio bat atera zen Kafetegi Nagusirako bidean. Hau Zientzia Fakultateko ikasle asanbladak deitua zegoen manifestazio nagusiarekin biltzeko helburuarekin. Bertan, bazeuden jada, ikasle mordo bat, 70ren bat. Ondorengo manifestazioan ere bilduko zirenak.
Manifestazio Nagusia, Ikasle Abertzaleak-ek deiturikoa, ikasle asanbladakoa Kafetegira heldu eta minutu gutxira abiatu zen. Aurrean 'Euskaraz bizi, euskaraz ikasi' leloa zeraman pankarta zuela.
Auziperatutakoekin elkartasuna
Istilurik ez zen egon manifestazioan. Errektoretza aurretik igaro ondoren, campusari buelta osoa eman zioten Kafetegi Nagusiaren parean geldituz. Bertaratutako 200 ikaslek orain gutxi ikaskide diren 104 pertsonen kontrako auzia salatu nahi izan zuten komunikatu baten bitartez. Izan ere, LOUaren aurkako itxialdi egiteagatik, "ETArekin zeharkako lotura" izatea leporatu zien Getxoko epaile batek, auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaliz. Hori dela eta, bertaratutakoek ikasle auziperatu horiei beren elkartasuna adierazi nahi izan zieten.