Adin txikiko bost gazte, guztiak Bilboko auzokideak, atxilotu zituen atzo Getxoko Udaltzaingoak Algortan, beste adin txikiko bi lagunei, indarra erabiliz, hainbat objektu lapurtu ondoren.
Arratsaldeko 19:00etan izan zen gertaera, Algortako Konporte kalean. Une horretan, bost gazteek beste biak inguratu eta, indarra erabiliz, sakeleko telefonoak eta beste hainbat objektu lapurtu zizkieten. Horren ostean, ihes egin zuten.
Bi gazte horien deia jaso eta minutu batzuk geroago, gertaera izan zen tokian bertan axilotu zituen Udaltzaingoak lapurreta burutu zuten bost gazteetatik bi, eta Algortako Metro geltokian beste hirurak.
Polizia-etxean egin behar ziren tramiteak egin eta gero, gurasoen eta tutoreen eskuetan geratu dira gazteak, Adin Gutxiko Fiskaltzak gertatutakoa aztertu arte.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.