Segituan bezperan ikusi nuen filmarekin akordatu naiz, 'Good bye Lenin', zeinetan Alemaniako Errepublika Demokratikoaren azken egunak irribarre mingotsarekin deskribatzen dizkigute (badakizue, Berlingo harresia desagertu zeneko egun alaiak). Bada, berria metafora bitxi gisa hartzera eraman nau nire onanismo intelektualerako (paja mental) joera horrek: Mendebalekoak ekialdekoa jan du.
Pelikulan kapitalismoari darion irribarrearen dizdiran jausita kontsumismoak irensten dituen berlindarrak bezala erori da ingeniaria informatikoaren letaginpetan. Pozarren. Golpea da gero gure ingeniariak harrapakari adeitsuari gozoa izango natzaizula desio izana. Gozoago izango zaio seguru hemendik gutxira snaff movie antropofagikoarekin aberastuko denari. Goizeko digestioa ez da batere xamurra izan.
Abenduak 4, osteguna, arratsaldeko 15:00 inguru. Albistegian ikusi dut (bazkaldu ostean): Enrique Villar ahoari eraginez. Ez da broma, murtxikatu bitartean ari zen berba egiten. Egungo Espainiako Konstituzioaren 25. Urtemuga ospatzeko (¡Abajo la Pepa y Pepe Botella!; ¡Viva el PP y la Botella!), ekitaldi batean Espainiako legedia kartara egiten dela onartu du.
Edukazio txarreko gizona dela erakusteaz gain, nik ipuinetako ogro gizajale horietako baten traza hartu diot, karta gora karta behera, ahoa ezker-eskuma, keinu eta keinu. Arratsaldeko digestioa erabat txarra izan da. Beheranzkoarekin egon naiz. Irratian turroien iragarki bat entzun dudanean eguberriaren gertutasunaz konturatu naiz. Gargantuaren ipurtzulotik behera hainbat barre jaitsiko da gabonetan. Hori bai digestioa egiteko modua.