Euskararen jatorria eztabaidagai Getxo Antzokian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 10a, 17:57

Getxoko Udal Euskara Zerbitzuak antolatutako 'Euskaldunak Europako azken aztarna ote?' izeneko jardunaldiei amaiera emateko, izenburu berbera daukan mahai-ingurua eskainiko dute bihar, 19:00etatik aurrera, Algortako Getxo Antzokian.

Euskararen jatorriaren inguruan, Europan argitaratu diren teoria berriei buruz euren iritzia eman dezaten, hauexek dira gonbidatuak: Mikel Iriondo (Antropologian aditua, EHUko irakaslea), Alfonso Martinez Lizarduikoa (Antropologoa), Xabier Kintana (Hizkuntzalaria eta euskaltzain osoa) eta moderatzaile lanetan, Kepa Altonaga (EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea). Azken hitzaldi honetan, aldi bereko itzulpen sistema ipiniko da euskaratik gaztelaniara.

Euskararen jatorriaren eta bere sustraien nondik-norakoen inguruko eztabaida lotan egon da urte luzeetan, auziak argibiderik izango ez balu bezala. Hala ere, badirudi loaldi horretatik iratzarri egin dela. Izan ere, Frantziako eta Alemaniako zenbait adituk plazaratu dituzten teoriek, berriro ere, egunkarietara, aldizkari zientifikoetara eta eztabaida-guneetara ekarri baitute gaia. Frantzian, esaterako, arlo ezberdinetako adituek (antropologoak, hizkuntzalariak, genetikan adituak) diotenaren arabera, euskaldunak gara jatorrizko protoeuropearrak, hau da, Europa osoa bizileku zeukan herriaren azken aztarna.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun