Langileen ordezkariek adierazi dutenez, azken hiru urteetan, nabarmen ugaritu egin da posta kopurua, batez ere gutun ziurtatuei dagokienez. Herri guztietan, "behar bezalako banaketa egin ahal izateko", langile gehiago hartzea eskatzen diete Posta-Zerbitzuko Bizkaiko Zuzendaritzako arduradunei. "Legez behartuta daude, baina lantaldea handitzeko inolako asmorik ez dauka Roberto Casis lurraldeko zuzendariak. Langile bat bajan dagoenean ere, horren ordezkaririk ez dute hartzen", diote postariek. Posta Zerbitzuak iaz izan zituen 82,7 milioi euroko diru irabazien zati "txiki-txikia" horretara zuzenduz egoera konponduko litzateke euren ustez.
Horren ondorioz, gutunak jaso gabe geratzen dira etxe askotan, banaketa egiteko postari nahikoa ez dagoelako. Gainera, egoera txarrera egin omen du, postariek ez zegokien zonaldeetan posta banatzeari uko egin ziotenean. "Guri dagokigun zonaldeak gutun barik geratuko lirateke", langileen iritziz.
Jadanik zortzi hilabete igaro dira, apirilaren 1ean, gatazka hasi zenetik. Ordutik hona, Bizkaiko posta-langileen gehiengoa osatzen duten ESK, ELA, LAB eta CGT sindikatuetako ordezkariekin biltzeko asmorik ez du agertu Lurralde Zuzendaritzak. Are gehiago, UGT eta CCOO sindikatuekin bakarkako akordioa lortzen saiatu direla salatu dute langileek.