Esan nahi duena ulertzen diodan arren, Sampedrok ez du nire ustez konparazioan asmatu. Hain zuzen ere, gaur egun onkologo gehienak eritasunaren ondorioez arduratzen dira eta ez haren zergatiez. Terrorismoaren aurkako borrokak terrorismo gehiago baino sortzen ez duen modu berean, minbiziaren kontrako lehia modernoak mutilatzen duen bonbardaketa kirurgikoan, pozoitzen duen bonbardaketa kimioterapikoan, eta erretzen duen bonbardaketa erradiaktiboan oinarrituak minbizia hedatu eta gaixoak hil baino ez ditu egiten. Gero eta ikerlari gehiagok pentsatzen du gaixotasunaren ondorioak arintzeko erabiltzen diren sendabide horiek kasu batzuetan minbizi gehiago sortu eta askotan gaixoaren sistema inmunologikoa erabat erraustuta utzi ondoren, edozein infekziori (bronkitisa, neumonia
) bidea libre uzten diotela, horrela eritasunaren efektu hilkorrak biderkatuz.
Terrorismoaren aurkako borrokaren onuradunak armak fabrikatzen dituzten multinazionalak, industria kimikoak eta azpiegitura-eraikitzaileak diren moduan, gaixotasunaren kontrako gerra deklaratuan industria botikaria eta haren zerbitzura dauden mediku funtzionarioak dira onuraren hartzaile nagusiak.
Politikaren eremuan gatazka armatuak gainditzeko neurri alternatiboak proposatzen dira: herrien zein pertsonen eskubideen onarpena, kausen ezagutza, elkarrizketa eta negoziazioa. Horiek dira egiazko bide prebentiboak. Minbizia ikertzen duen institutu ospetsu baten zuzendariak, Mariano Barbacid-ek, orain arte erabiltzen diren metodoek goia jo dutela esan berri du, eta arrazoia duela uste dut. Alabaina, horien ordez geneak bonbardatzea proposatu du.
Uste dut ordua dela bonbardaketa horiek guztiak alde batera uzteko, eta gizakia zer den eta gaixotasunaren zergatiak ulertzen saiatzeko. Gizakiak bere osasunaren axola hartu behar du bai prebentzioan eta bai sendatze prozesuan: elikadura eta bizimoduaz arduratuz, batez ere, bide alternatiboen bila ari diren mediku eta espezialisten laguntzarekin, noski. Finean, Gerrari ez leloaren barruan, hain ikusgarriak ez diren baina haiek bezain hilgarriak diren beste gerrak ere sartu beharko genituzke; osasunaren aurkakoa, adibidez.