Erakusketek toki nabarmena izango dute. Besteak beste, Pascual Ferry irudigile ospetsuaren ibilbidea aztergai egongo da, '80ko komikitik Supermanera' erakusketan. Komikien munduko irudigilerik pertsonalenetakotzat jotzen dute Pascual Ferry kataluniarra. Bere lanbidean egindako ilustraziorik hoberenetako batzuk erakutsiko ditu edizio honetan: orain dela hogei urte baino gehiago, hasi zenetik ('¡Más Madera!', 'El Jueves' edota 'Zona 84'), Amerikako Estatu Batuetan eginiko azken lanetara arte. Horien artean, super-heroiei buruzko orriak, hala nola, Superman, X-Men, Daredevil, Dr. Extraño, Superboy...
Beste ekitaldi nagusienetako bat 'La cebolla asesina' lanari emandako gunea izango da. Barazki mutante ezaguna gaiztakeriaz eta umore beltzez beterik dago eta lurra hartzen duen toki guztietan sabotaje txikiak egiteko prest egoten da beti. Lanaren egilea Javirroyo zaragozarra da, eta pertsonaia bitxi horri esker arrakasta handia lortu du komikigintzan; izan ere, jarraitzaile ugari ditu dagoeneko.
Orain dela urtebete, hondamendia gertatu zen 'Prestige' petroliuntzia hondoratu zenean. Zoritzarreko gertaera horri eta oraindik ere jasaten ari garen kalte ekologiko larriei buruzko hainbat irudi aurkeztuko dizkigu Txapapote Taldeak 'O Chapapote Móvese' izeneko erakusketan.
Euskal tebeoak ere ikusgai
'Euskal tebeoaren 111 azal' izeneko erakusketan, berriz, gure irudigileen lanik nabarmenenak erakutsiko dira, LuterL tadearen eskutik. Azkenik, 'Komikien lehiaketa eta Injuve ilustrazioa: Baterako edizioak' izenekoarekin osatzen da erakusketen egitaraua. Astiberri-rekin batera antolatuko da eta komikiaren alorrean azaleratzen ari diren gazte aparten lanak izango dira.
Bestalde, edizio honetako proiekzio aretoak animazio laburmetraiak eta dokumentalak eskainiko ditu egunero, horietako batzuk 'Freak laburmetraiak' edo 'Tebeoko zinema' deritzen zikloen barruan. Txapapote Taldearen bideoak eta Mauro Entrialgoren multimedia lanak ere emango dira. Gainera, hainbat gairi buruzko eztabaidak, hitzaldiak eta mahainguruak egiteko denbora izango da. Hala nola, 'Euskadiko ilustrazioaren egungo egoera', 'Maukaren eragina', 'Komikia eta zentsura' edota 'Joera berriak, Komikia eta ilustrazioa'.
Stand-etan, aurkezpen ekitaldietan eta hitzaldietan komikiaren munduarekin lotura duten pertsona ospetsu askok hartuko dute parte. Pertsona ospetsu horiek bisitariekin egingo dute berba eta euren lanak sinatuko dituzte. Besteak beste, Mark Buckingham, Pascual Ferry, Cels Piñol, Javirroyo, Ken Niimura, Roger Ibáñez, Víctor Santos, Bernardo Vergara, Santiago Sequeiros, Javier Rodríguez, Rubén del Rincón, Hernán Migoya, Joakin Ladrón, M.A. Martín, Javier Olivares, Miguel B. Núñez, Paco Alcázar, Lorenzo Gómez, autores del Colectivo Chapapote, Mauro Entrialgo, Manuel Bartual, Mikel Valverde, Zulet, Mikel Casal, Raquel Alzate, Iban Astondoa Altuna eta Pello Gutiérrez Peñalba izango dira Komiki Aretoan.
Azkenik, komikigintzan hasteko gogoa dutenek, haur eta gazteentzako komikiaren tailerretan parte hartu ahal izango dute. Gainera, 'Trama' doako aldizkaria eta 'La bola de cristal' komikia banatuko dira bertan, eta sortu berri den Euskadiko Ilustradoreen Elkarte Profesionalaren (EIEP) eta Star Wars Magazine aldizkari ofizialaren aurkezpenak egingo dira.
Izan ere, komikiaren teknika zergatik hartzen den bederatzigarren artetzat erakutsiko du hiru egunez Getxoko II Komiki Azokak. Irudigileari aukera amaigabeak eskaintzen dizkion unibertsoa da; gainera ikusleak parte-hartze osoa eta aktiboa izateko modua izango du. Aukera ezin hobea da, hortaz, komikien munduaren zaleak diren guztientzat istoriotxoetan parte-hartzaileak izateko.
Egitaraua
Partaideen stand-ak