Zorionak eta eguberri on - Xabier Kintana / euskaltzaina

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 14a, 21:33

Gabon jaiak hurbiltzean gure kaleetan maiz ikus daitezke goiko hitz horiek, jendeari bizimodu hobea opatzeko asmoz. Pertsona batzuek, ordea, ez dute jakingo euskal hitz horien jatorria, eta, jadanik gauden giroari ondo dagokionez, lerro hauetan berba horiek nondik heldu diren azaltzen ahaleginduko naiz.

Etorkizuna nolakoa izango den asmatu nahi izatea ez da oraingo kontua eta astrologoak, aztiak, pitonisak eta antzekoak oso aspaldikoak ditugu. Antzinako igarle horietako batzuk, etorkizuna jakiteko, hegaztiez baliatzen ziren, horien hegaldiak, kantuak edota, hilda gero, erraien kolorea interpretatuz. Erdaraz, oraindik ave edo pájaro de mal agüero esaten da augurio edo gertaera txarren bat iragartzen duten bele, hontz eta kantu beldurgarriko hegaztiak aipatzeko, edota pertsona ezkorrak, adierazteko.

Euskaraz ere baditugu antzinako ohitura horren arrastoak. Hor ditugu, adibidez, zakur, zekor,zerri, zintzo moduko hitzak, beste euskalki batzuetan txakur, txekor, txerri eta txintxo aldaki bihozkor edo txikigarriak dituztenak. Beraz, hasierako z- maiz tx- bihurtzen dela kontuan izanda, erraz antzeman dezakegu zori berba zaharrak ere baduela beste kide ezagunagoa ere: txori, hain zuzen. Erdi Aroko dokumentu zaharretan behintzat Zoriburu goitizena ageri da, antza denez, argitasun handiegirik ez zuen lagun bat izendatzeko, horrek, zalantzarik gabe, gaurko txoriburu esan gura zuen eta.

Hortaz, zoriona, azken buruan, ‘txori ona’ izatea da, hau da, etorkizun atsegina iragartzen duen txoriren bat norbere alde izatea; zoritxarra, hots, ‘txori txarra’, bere kantu desegoki, hegalaldi oker edo errai-kolore nahasiengatik gauza txarrak iragartzen dituen txoria izatea den bezala.

Gogoan izan, txorien lekuan, astrologoek etorkizuna izarrekin iragartzen zutela, eta hortixek etorri dela euskarazko asturugaitz hitz zaharra ere, hau da, ‘astro txarra’ izatea, gaztelaniazko tener o haber nacido con mala estrella, eta desastrado eta desastre esaldiak bezalaxe, guztiak astro-izarrei buruzkoak, gaur horien etimologiaz konturatzen ez garen arren.

Eguberri hitzaren jatorria, era berean, antzinatean aurkitu behar dugu. Gauza jakina da orduko herriek urteko egunik luzeena, udaren hasiera markatzen zuena, eta laburrena, neguaren hasiera, ospatzen zituztela. Kristautasunak, ordea, paganoek egun berezi horiei zieten debozioa ikusita, data biak bereganatu zituen, kristau kutsua emanez. Horrela, Ekaineko egunik luzeena Done Joanes-en omenez ezarri zuen, suak egiteko ohitura pagano zaharra gorde arren.

Urteko egunik laburrena, bestalde, urte berriaren jaiotzaren seinaletzat hartzen zen, hortik aurrera egunak luzatzen hasten direlako. Eguberri, beraz, ‘egun berri’ genuke. Bibliako testuek Jesus zein hilabetetan jaio zen inon esaten ez digutenez gero, Elizak, urte berriaren hasierako jaiak bereganatuz, hor Jesukristoren jaiotza ezartzea erabaki zuen, argiaren etorreraren sinbolo gisa, baina, euskaraz behintzat, Eguberri izenak ederto salatzen du jai hori lehenagokoa zela.

Jai pagano edo laikoak kristautzeko ohitura horrek oraintsura arte iraun du. Hortxe dugu, etsenplu jakina aipatzearren, Maiatzaren lehena, berez langileen nazioarteko eguna, Elizak geroago Done Josef langilea edo San Jose Obrero moduan bataiatua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun