Areetan burutu da II Komiki Azoka eta, bertan, gehiengoa osatzen zuten banatzaile eta liburudenden artean, fanzine eta argitaletxe gutxi izan da. Euskarazko zer edo zer aurkezten zigutenen kopurua, ohikoa denez, askoz txikiagoa zen. Ugaoko fanzineak utzi dio bere orrialdeetan euskarari lekua emateari. Luter L Ondarroako kolektiboak aspaldiko kontuak ekarri zizkigun, baita Durangoko Komiklubaren azken komikia. Eta azkenak ez du berria esan nahi baizik eta azkena, Komiklubek ez baitu ale gehiagorik kaleratuko.
Nabarmena zen ere 'Napartheid'en heriotzak utzitako hutsunea eta baita ere umeentzako aldizkariak aparte utzita komikilari euskaldunen abagunea bihurtu diren 'Berria' eta 'Argia'ren ausentzia. Saure argitaletxea izan zen Areetan euskarazko komiki berriren bat aurkeztu zuen bakarra. Bere katalogoak dozena bat komiki biltzen ditu eta itzulpenak dira nagusi. Hau da komikizale euskaldunok bizi dugun errealitatea eta guk geuk aldatzen ez badugu inork ez du aldatuko.
Orain dela gutxi Amatiñok EHEren moldeak zaharkituta zeudela eta kontsumitzaile euskaldunen lobbyak osatzeari ekin behar geniola idatzi zuen. Ni, logikoa denez, ez nago ados lehenengo balorazioarekin baina bai gomendioaren. Gainera, guztiz osagarriak direlakoan nago. Horregatik uste dut komikilari eta komikizale euskaldunok batu egin behar dugula zer motako komikiak irakurri nahi ditugun euskaraz, zer titulu klasikoak argitaratuko ditugun, zer euskal artistak lagunduko ditugun bere lanak egiteko eta kaleratzeko, zer marrazki bizidunak jarriko dituzten ETB galdetu behar dugun eta eskubideak eskuratzen saiatuko garen... gure artean erabakitzeko.
Ez dakit elkartea, kontsumitzaileen kooperatiba edota asanblada egonkorreko formula izan beharko lukeen balizko lobby honek, baina hori guztion artean berba egin dezakegu. Nor animatzen da?