Joan den uztailean hasi ziren sistema hau probatzen, toki eta ordu desberdinetan. Ordutik hona, 45 froga burutu dituzte, 18.248 ibilgailuen abiadura kontrolatuz. Abiadura-muga gainditu egin den errepideetako batzuk Algortako, Aingeruen edota Zugazarteko etorbideak izan dira. Alkateak adierazi duenez, "errepide horiek ez daude hain urbanizatuta eta gidariek ez dute oztoporik aurkitzen bidean". Radarra frogatzen egon diren bitartean, 818 gidarik ez dute legea errespetatu. Hauei gutuna bidali zaie etxera, baina ez diete izunik jarri.
2004ko urtarriletik aurrera, hauek zigortzen hasiko dira. Horretarako, radarra udalerriko toki batetik bestera mugitzeaz gain, egunez-egun ordu desberdinetan jarriko dute. Egoerak-egoera, hiri barruan abiadura-mugak ez errespetatzea trafiko arau-hauste larritzat jo daiteke. 92 eta 602 euro artekoak izaten dira isunak. Gainera, zenbait kasutan, gidatzeko baimena ken diezaiokete gidariari hiru hilabetetarako. Ordaindu beharreko dirukopurua murriztu ahal izango da, ordainketa lehenbait lehen egiten bada.