Aurrera begira, belaunaldi berria - Aitor Encinas / Kazetaritza ikaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 17a, 22:58

Oroitzapenak, gogoak -momentu onak eta txarrak-, tristura, alaitasuna... Normalean, urtea bukatzear dela, begirada atzera egiten dugu. Bi aste baino ez urteari amaiera emateko eta dena burura etortzen zaigu. Hamabi hilabetetan gertatutakoa egun bakar batean sartu nahi dugu. Egunkariak urtekaria bihurtzen dira gertakizunen birpasa egiteko asmoz. Baina muga gainditu eta gero zer? Aurrera ere begiratzen du batek baino gehiagok. Analisia egiteko aukera ere izaten dugu.

Gauza asko bizi izan ditut aurten eta gehien bat onak izan dira. Bakan batzuk ez hain onak -txarrak ez dira izan, deserosoak agian-, eta oso arro nago gertatu direlako. Ahaztu ez ditut inoiz ahaztuko. Baina... tira! Gauza horietatik ere ikasi behar da eta denborak dena argituko du. Gaztea naiz eta.

Honen harira, aurrera begiratu behar dugu gazteok. Aurten edozein esparrutan agerian egon gara. Iragan astean, esate baterako, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ikusteko aukera izan genuen. Hara non eta zortzi bertsolarien artean bi “beterano”. Bertsolaritzan eskarmentu handia dute Jexux Mari Irazu eta Aitor Mendiluze bertsolariek. Ez dut esan nahi hauek gaztea ez direnik. Beteranoak, alegia. Gainontzekoak gazteak. Txapelduna Maialen -Gipuzkoako txapela jantzi duen lehendabiziko emakumea-. Bigarrena, Jon Martin. Azken hau, ezaguna, nirekin unibertsitatean ibilitakoa. Hemendik nire zorionak berarentzat. Beste batzuen aurrean geratzea ez da marka makala.

Baina beste kontu batzuetan gazteen indarra nabaritzen da. Kulturan, gizartean eta nola ez... kirol arloan. Igandean Athleticeko partidua ikusi nuen lagunekin. Tabernan beste pertsonen hitzak entzun daitezke. "Nor da hori? Joe, ez dut inor ezagutzen Athleticen jada!” Eta halaxe da. Yeste, Iraola, Gurpegi, Bordas, del Horno... Goitik behera aldatu da Athletic. Inoiz baino gazte gehiago ari dira lanean. Alboan geratu dira Guerrero eta horrelako izenak.

Ez dakit, baina Jexux Mari Irazuk Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, agurreko bertsoan esan zuen. Eta ados nago. Belaunaldi berriari paso eman diogu. Datorren urtearen amaieran, berriro birpasa egingo dugu. Belaunaldi berria ote?
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun